![]() |
(Elbete, Baztan) |
Sarrera
Antzina, harrizko paretak, harrien artean lokatza edo lurra bakarrik erabiliz, eraikitzen ziren. Horma horietako askok zutik jarraitzen dute, batzuk jada erori diren arren. Garai bateko harginak aitortu eta miretsi beharko genituzke, ondare oso baliotsua eta garrantzitsua utzi baitzuten leku askotan.
Euskal Herrian tradizio handia dugu harria lantzen.
Gure kulturan baditugu xehetasun asko esandakoa erakusten dutenak. Adibidez 1900 inguruan Txirrita bertsolari handiak bertso eder hau utzi zigun:
Haiziak bidali du
handikan honuntza,
geroztik hemen dabil
gure andaluza.
Hargin ona zala ta
zakurraren putza!!
bera eroriko dek
etzakiok bultza!
Definizioa.
Harlangaitzezko horma harriz egindako pareta bat da, harria eskuz jartzen da eta masarekin egonkortzen da.

Ikus ditzagun harrizko pareta bat eraikitzeko jarraituko ditugun urratsak:
1-Indusketa
2- Hormigoia zapatan edo oinarrian.
3- Mirak edo maistrak jartzea.
4- Harriak prestatzea.
5- Harriak jartzea.
6- Juntak hartzea eta garbitzea.
1-Indusketa
Hondeamakina baten bidez, hormari dagokion indusketa egingo dugu.
Harrizko pareta zutik mantentzeko egingo dugun indusketaren sakonera hainbat faktoreren araberakoa izango da. Pareta faktore horietara egokitzeko, hainbat eraikuntza mota ditugu. Gu bi pareta motatan zentratuko gara, horma alde batera eta bi aurpegiko horma:
1.1- Aurpegi bateko paretarako zapata hondeatzea.
Indusketa nola egin jakiteko, hiru gauza hartu behar ditugu kontutan:
Hormak jasango duen bultzada indarra, hormak izango duen altuera eta, ondorioz, zapatak eta hormak jasan behar duten pisua eta presioa.

Mendiaren kontra horma bat egin behar badugu edo haren kontra betetzeko asmoa badugu, prozedura bera erabiliko dugu, bi kasuetan.
Atzean izango dugun lurrak bultzada bat eragingo dio paretari. Basean bultzatuko du gehien. Zenbat eta altuagoa izan horma, orduan eta bultzada handiagoa eragingo dio ( presio gehiago). Bultzada hori obraren zuzendaritzak kalkulatuko du. Gero, eraikuntza-planoak pasatuko dizkigu, dimentsioak, xehetasunak eta abar obran zehar jarraitzeko.
Harri-hormak, gure etxe edo finkan, eustorma bat, itxitura baterako paretaren bat, etxola edo borda baterako hormaren bat edo erori eta berritu nahi dugun pareta zaharren bat egiteko ere balio diezaguke…

Guk, adibide gisa, eustorma bat hartuko dugu lur egonkor edo pendoitza batean. Egingo dugun hormak 3 metroko altuera izango du, mendiaren kontra. Orduan, gure zapatak hondeaketan izango duen neurria : 0 ’50 metroko sakonera, metro bateko zabaleran, 3 metroko gehieneko luzeran, batatxeen bidez egin beharko dugulako (egiteko tarte laburrak, mendi-mazelari eusteko; izan ere, tramu luzeak induskatuz gero, erortzeko arriskua egongo litzateke, mendiari eusten ez zaiolako). 3 m induskatu gabe utziko genituzke eta, ondoren, berriro, 3 m-ko beste batatxe bat induskatuko dugu. Eta horrela hurrenez hurren.
![]() |
Eskabazioa bukatu eta gero, burdina sartuko dugu. |
Hauek izango dira eskabaziorako neurriak. Nolanahi ere, komeni da harkaitzeraino iristea, paretaren euskarria zoru sendoa izateko. Eskabazioan gehiegi jaisten badugu eta arrokaraino iritsi bagara, garbiketa-hormigoiz beteko dugu, zapataren oinarrira iritsi arte.
1.2- Alde biko paretarako zapata hondeatzea..
Harrizko pareta bi aldeetakoa denean ( bi aurpegi), bi gauza kontutan hartu behar ditugu. Ohiko lodierarekin (0,50 m) emango diogun altuera eta, ondorioz, zapatak eutsiko duen pisua.
Gure adibideko bi aldeko hormak metro bateko altuera izango du.
Zapatan zulatuko duguna, 0’70 m- ko zabalera bider 0′ 20 m-ko sakonera izango da. Egoki ikusten dugun luzera guztia induskatuko dugu, beldurrik gabe. Kasu honetan ez dago inolako arriskurik. Horrela, deskribatu dugun horma induskatzen dugu bi aldeetan 10 cm utziz, takoi gisa.
2- Hormigoia zapatan.
2.1- Hormigoia aurpegi bakarreko zapatan.
Gogoratu erran dugun pendoitza egonkorra dela. Lehen esan dugun bezala, gure adibideko paretan 3 metroko altuera dugu, eta zulatutako zapataren neurriak 3 metro luze ; 1 metro zabal eta 0 ‘5 metro sakonera, izango dute.
Zapatako armadura sartu eta horma erdian abio-ilara bat utziko dugu, 0 ’25 m-tik behin jarrita. Abio horien funtzioa hormaren oinarria sendotzea eta hormigoizko zapata eta hormaren arteko lotura hobetzea izango da. Zapatatik metro bat irteten direla jartzen ditugu, eta hagaxka egokiak 16ko diametrokoak izango lirateke.
Prest daukagunean, hormigoia botatzen dugu. Ongi dardaratu eta 12 ordu lehortzen utziko dugu.

2.2- Hormigoia, bi aurpegiko zapatan.
Bigarren kasu honetan, zulatuta daukagun hormaren luzera osoa dugu, 0 ’70 metroko zabalera eta 0′ 20ko sakoneran.
Hormigoitzen dugu, ederki dardaratuz eta lehortzen utziko dugu.
3- Maestrak jartzea.
3.1- Aurpegi bateko horman maistrak jartzea.
Metro bateko zabalera dugu zapatan, hormarekin 0 ‘8 metro okupatuko ditugu. Soberako 20 cm-ak; 10 cm atzeko takoi gisa eta aurreko 10 cm-ak gainzabalera gisa. Ongi etortzen zaizkigu horiek gure erregelak edo maestrak jartzeko.
Tiralinearekin lerro bat marrazten dugu, bi muturretan bi tako iltzatzeko gida gisa balio diguna. Takoei ohol bertikal bat sartuko diegu eta bi noranzkoetan zutik nibelean doi-doi gera dadin saiatuko gara.
Orain kordela lurretik 20 cm-ra lotu dezakegu bi muturretan. Horrela, horma hasteko prest geratzen da.
3.2- Bi aurpegiko horman maestrak jartzea.
Tiralinearekin, hormaren bi aldeak, barnealdea eta kanpoaldea markatuko ditugu. Hormigoiari tako batzuk iltzatu dizkiogu markatu dugun lekutik kanpo. Takoetatik irtengo gara, bi ohol iltzatuz, azuletearen kanpoaldetik gora. Taulak elkarren artean euts daitezke, hormaren gainetik kanpo geratzen den langa batekin. Bi taulen artean 0,50 metroko zabalera utziz. Orain maistra bertikalari beste noranzkoan helduko diogu (luzetara), taularen goiko aldetik beste ohol bat sartuta, diagonalki lurrera iltzatzera erortzen dena.

Operazio hau 5 edo 10 metroko luzeran behin errepikatzen dugu, eta bi aldeetatik lotzen dizkiogu kordelak, lurretik 0 ’20 metroko altueran.
4. Harria prestatzea.
Pareta harri desberdin asko ditugu. Zonaldearen arabera, harri mota bat edo beste izango dugu; gure zonaldean adibidez ( Malerreka- Baztan- Bidasoa) kareharri eta hareharri ugari dugu.
4.1– Harria prestatzeko, lehenik eta behin harria lortu behar dugu. Harrian espezializatutako zerrategiren batean, eraikuntza-biltegiren batean edo harrobiren batean lor dezakegu. Guk kasu honetan, harrobi batetik ekarriko dugu.
Mota guztietako blokeak etorriko dira eta hondeamakina batekin txikitu beharko ditugu, eskuz erabiltzeko modukoak izan arte.
Behekoaldean, harrobiko harria, prestatu gabe. Goikaldean, harria prestatu eta gero egindako pareta. |
4.2– Atal honetan, prestatuko ditugun harrizko piezak eskuz lantzea tokatzen da.
Lanean lehenengo gauza segurtasuna da. Segurtasun-betaurreko on batzuk jantziko ditugu. Harria jaso eta erabiltzean, gorputzaren jarrera egokia mantentzea komeni da.
Gerriko minik ez badut izaten ere, gerriko faja erabiltzen dut horrelako gerri lan puntualetan eta hori aholkatzen dut beti.
Almaden batekin, mailu-mazeta eta zizel batekin, prestaketaren helburua piezak “koadratzea” da. Kuadratu esaten dudanean, ahalik eta formarik karratuena (edo laukizuzena) ematea esan nahi dut, horrela bata bestearen gainean ongi finkatzea edo asentatzea lortuko baitugu. Gainera, junten zabalera erregularra eta ahalik eta uniformeena mantentzea errazten dugu, estetikoki txukun gelditzeko.
Harria kuadratzeaz gain, ahalik eta aurpegirik txukunena ateratzen saiatuko gara. Horretarako, betari jarraitu behar diogu eta kolpea bertan jo. Harri mota batzuk oso nobleak eta “obedienteak” dira lantzeko, baina beste batzuk oso gogorrak dira eta betarik gabekoak, oso zaila izanik prestatzea.
(Zerratu eta prestatutako harria.) |
Harria prestatu ondoren, harri handienak aparte gordeko ditugu. Horrela, lehenengo lerroetan sartuko ditugu, pisu gehien dutenak altuera handiagora altxa beharrik ez izateko.
4.3- Harria bi aurpegiko hormarako prestatzea.
Harriaren prestaketa bi aldeko horma baterako denean, beste xehetasun bat hartu behar dugu kontuan. Gure bi aurpegiko hormak 0 ’50 metroko zabalera du. Beraz, harri prestatuak ez du 20 edo 25 cm baino gehiagoko sakonera izan behar, pieza zabalagoak egiten baditugu, asko zailtzen baitugu bi aldeetako batean jartzea.
(Harri prestatuarekin, pareta egiten.) |
5.- Kolokazioa.
5.1- Alde bateko horma batean harria jartzea.
Lehen esan dugun bezala, harriak prest ditugu jartzeko eta handienak aparte ditugu. Handienekin hasiko gara, ahalegina txikiagoa izan dadin.

Hainbat tamainatako batzuk tartekatu behar ditugu handieenen artean. Pareta osoan zehar gauza berbera egingo dugu, nahastu.
Juntak 3 cm-ko ingurukoak izan behar dira gutxi gora behera. Junturak bi noranzkoetan “apurtzea” lortu behar dugu, bertikalean eta horizontalean. Horrela bi gauza lortzen ditugu: Alde batetik, pareta iraunkorragoa izatea eta, bestetik, estetikoki ondo geratzea.
Harria zementuzko masa lehorrarekin jarriko dugu. Erabiltzen dugun legarra, hormigoizko harea edo legar zakarra da.

Eraikitzen ari garen aldiro, egiten duen tenperaturaren arabera, soberako morteroa kenduko diogu juntetatik eta 2 edo 3 cm hondoratuago utzi. Juntak hartzean, mortero finaren geruzatxo bat sartzeko.
Alde bateko horma denez, eta lursailari eutsi beharko dionez, paretaren azpikoaldean harri handienak egongo dira eta goikaldean baino zabalera handiagoa emango diogu.
(Metxinal hodiak ikusi ditzakegu.) |
Lurrean, zapataren kontra, metro bateko zabalera dugu; horietatik 80 cm kordeletik, morteroz egindako harrizkoak izango dira, eta atzeko 10 cm-ak harri-grabaz beteko ditugu. Eraikitzen gora joan ahala, paretaren zabalera mehartuz joango da eta harri-grabaren zabalera handituz.
Hormaren oinarrian, “metxinalak”” deitzen diren PVCzko hodi batzuk jarriko ditugu metrotik behin. Paretaren atzealdeko uren irteera bezala, hormaren fatxada osoan metxinalak jartzea komeni da. Horrela, euriteak izango bagenitu zenbait egunez jarraian eta ur asko pilatuko balitz hormaren atzean, mendiak egingo lukeen bultzada biderkatu egingo litzateke. Baina metxinal kopuru handia jartzen badugu, ez dugu arazorik filtrazioekin.

5.2- Harriaren kolokazioa, bi aldeko paretan.
Gure aurpegi bikoitzeko horman, lehen lerroak jartzen ditugu, bi aldeak aldi berean. Eraikuntzan, aurrera eta gora egin ahala, bi aldeetako harrien oinarria sendo mantenduz. Hau izango da prozesua:

1–3, 4 cm-ko mortero-geruza
2–Harriak kolokatzea.
3–Barneko betelana. (Bi aurpegiko hormaren kasuan, dena morteroz eta harri zati batzuk nahasiz, beteko dugu).
4–Hiru urratseko ekintza hau errepikatu, behin eta berriz, pareta bukatu arte.
6- Juntak hartzea eta garbitzea.
Legarra-hauts finez eta zementuz osatutako masa erabiltzen dugu, juntak hartzeko. 4 zati legarra, 1 zementua eta 2, 3 zati ura; nahasketa hau izango da proportzioa. Gehigarri likido tapoi bat botako diogu, masa gozatzeko. Honek itsasgarritasuna hobetzen du eta lanerako ikaragarri hontzen du masa.
Morteroa paleta eta plaunkaiarekin (llana) ematen diogu juntei. Zati bat emanda daukagunean, paletina pasatzen diogu. Erne egon behar dugu beti; azkar lehortu baitaiteke eta garrantzitsua da etengabeko jarraipena egitea. Paletinarekin, soberan dagoen masa guztia kendu eta barrurantz bultzatzen dugu, eskuila pasatzeko prest utziz.

Alanbrezko eskuila pasako diogu nahikoa lehortu denean. Nahikoak erran nahi du; ez oso lehorra, ez bigunegia. Bigunegi dagoenean nabaritzen da, eskuilarekin oso erraz markatzen dugu eta testura trastea da. Baina gehiegi lehortzen bada, ez dago bueltarik; gauden guztiak batera jarri eta eskuilatu beharra dugu zoroak bezala, eskuilarekin.
Azken batean, garrantzitsua da oreka bat mantentzea; zenbat mortero eman diogun paretari eta zenbat m² gai garen txukun moldatzeko.

Juntak eskuilatzen ditugun heinean, eskuila harriei ere pasatuko diegu; morteroa aplikatzean geratu diren zikinkeria-hondarrak kentzeko.
Azkenik, pare bat egun pasa ondoren, pareta osoa harriz harri, urez eta eskuilaz garbituz gero, gure lanarekin harro egoteko arrazoia daukagu.

Beste baten bila…
Amaitzeko:
Bukatzeko, benetan uste dut harriaren lanbidea arte bat dela. Bi gauza hauek errex bereizten al dira: Harrizko horma bat dedikazioz egina eta beste bat zirripi-zarrapa egina. Harrizko pareta denboran zehar iraunkorra den eraikin bat da, merezi duen denbora eman diezaiogun, kalitatezko horma txukunak sortzeko.

Zenbat eta zenbat hargin anonimo, horma handi, kalitate ikaragarrizko pareta amaigabeak. Esfortzu handia dago harri bakoitzaren atzean.
Gu joango gara eta gure harrizko paretak hemen geratuko dira.
Eta denbora luzez zutik jarraituko dute.
Edo ez…