( Irati Huartek euskaratua)
Aspalditik lankide batzuk eskatzen ari zitzaizkidan gauza bat da eta horretarako ordua ailegatu da.
Gaurkoan, hurbiletik ezagutuko dugu forjatuekin batera, lanbide honetan ezusteko, huts eta atsekabe gehien sortzen dituen enkofratu mota.
Pertsonalki, ezusteko ugari izan ditut eta hormigoitze prozesua kontrolatuz edo enkofratua berriz finkatuz “erdi” konpondu dugu.
Goazen harira, gaur aurpegi bakarreko enkofratuak sakonki aztertuko ditugu.
Artikuluak hiru atal ditu. Espero dut gustatzea eta baliozko informazio aunitz ematea. Izan ere, metodorik eta teknikarik egokienak azalduko ditugu.
Aunitz estimatzen dudan lankide eta lagun baten jakinduriaz gozatuko dugu. Gaur laguntza ona daukat beraz; ezagutu dudan kofratzailerik onenetako batekin solastuko dugu:
Fernando Ibarrola Barberena
Nere maisuetako bat izan da eta oraindik ere maisutzat daukat. Aunitz inspiratzen nau eta berarengandik aunitz ikasi dut langile eta pertsona bezala.
Sarrera
Hasi baino lehen, aholku edo gomendio bat eman nahi dizuet aurpegi bakarreko enkofratuendako:
Ahal dugun guztietan, fabrikatzaileek ematen dizkiguten enkofratu modularren sistemak erabili behar ditugu, euren zihurkatzeko edo zurkaizteko sistemekin batera.
Honakoa lortuko dugu:
Segurtasuna
Bizkortasuna.
Fidagarritasuna.
Eraginkortasuna.
Ordena eta garbitasuna.
Zehaztasuna.
Kalitatea.
Eta horrekin guztiarekin, gure lasaitasuna hormigoia botatzerakoan eta konfiantza azken emaitzagatik.
Hala ere, arrazoi aunitzengatik, beti ezin dugu enkofratu modularrekin eta euren zurkaizteko osagarriekin enkofratu. Kasu hauetan, eskuz enkofratu ohi dugu, taulekin, oholekin edo orokorrean egurrarekin. Horrelakoa izan ohi da txarrantxatzea eta eustea:
- Zapatan sartutako barrak eta falkak eta zurkaitz kopuru handia. Hori guztia baldin eta zurkaiztu dezakegunean eta euskarri sendoa eta fidagarria badugu atzean edo elkarren artean.
- Gure euskarria finkatzeko sostengurik ez badugu bertze metodo batzuk erabili behar ditugu: zapatan sartutako 8mmko hagaxkak, tiratutako igelez eutsitako zurezko euskarri atzeraemangarri bat sortzeko eta bertatik zurkaizteko.

- Atzerako hondeamakinarik badugu, hondeatzeko materiala erabiliz enkofratua estaltzen ahal dugu eta, ondoren, kendu.
- Paretaren hondoa sendoa bada barrak sartzen ahal zaizkio (ahal izanez gero, harria edo hormigoia bada obe) eta bertatik burdinak jartzen ahal zaizkio enkofratuari.
- Bai, badira teknika ugari erabil daitezkeenak, baina ez dira enkofratu modularrak eta euren zurkaizteko sistemak bezain fidagarriak eta eraginkorrak. Eskuzko enkofratuaren alde ona da gure irudimena martxan jartzen dugula. Alde txarra da, ordea, enkofratu modularrekin gertatzen ez den bezala, enkofratu hauek beti zer edo zer mugitzen direla (nonbaitetik “krak” soinu bat atera ohi da) ahal bezain ongi sendotuak egon arren.
Aurpegi bakarreko enkofratuak eta, orokorrean, pareten enkofratu guztiak hormigoitzerakoan honako faktore hauek kontuan izan behar ditugu:
Hormigoiaren sendotasuna
Ez da gauza bera hormigoi bigun batekin edo hormigoi autokonpaktante batekin hormigoitzea. Bigarren kasuan, adibidez, enkofratuak aunitz sufritzen du.
Paretaren altuera
Zenbat eta pareta txikiagoa izan, orduan eta gutxiago sufrituko du enkofratuak. Pareta altuagoa bada, aldiz, enkofratuak presio gehiago jasanen du, nahiz eta altuera batetik goiti bertzelako faktoreak ere kontuan hartu behar diren.
Betzetze-abiadura
Enkofratuaren betetze-abiadura/denbora zaindu behar dugu. Zenbat eta azkarrago betetzen dugun pareta, orduan eta gehiago sufrituko du enkofratuak.
Betetze-metodoa
Ez da gauza bera pareta altu bat pertza erabiliz betetzea, non hormigoia altuera handitik erortzen den kolpe bat eraginez edo bonbaren mahuka enkofratuan sartzea betetze-altuera egokira arte. Enkofratuarendako bigarren kasua egokiagoa da, gainera, agregakinak hormigoitik bereiztea saihesten da.
Kanpoko tenperatura
Ez da gauza bera pareta bat tenperatura altuarekin edo tenperatura baxuarekin hormigoitzea. Neguan, normalean, enkofratuak gehiago sufritzen du tenperatura baxuarengatik eta hormigoiaren gogortzea motelagoa delako.
Hormigoiaren bibrazioa
Hormigoiaren dardara onaren oreka garrantzitsua da. Dardara gutxi egiteak hormigoiaren trinkotzea ekartzen ahal du kokerak sortuz. Bertzalde, gehiegi bibratzeak enkofratuari txarrera eragiten dio, izan ere, hormigoiaren fluidoen fuga sorrarazi dezake.
Garrantzi gutxiago dutenak:
- Paretaren lodiera
20 cmko pareta batek ez du 80 cmko pareta batek sortzen duen bultzada berdina eragiten, bigarrenak gehiago presionatzen du enkofratua, marruskadura indarra ere jokoan sartzen delako, lodiera txikietan.
- Paretaren armadura
Kasu batzuetan bakarrik. Badira paretak armadura sendoa dutenak, abioetan 32 mmko edo 40 mmko barrak dituztenak eta kontuan hartzen ez den arren, hauek enkofratuaren oinarrian hormigoiaren presioa geldiaraz dezakete.
Aholkuak:
Neguan edo tenperatura baxua denean (5 eta 20 graduren artean).
- Hormigoiaren sendotasuna kontrolatu behar da gogorra izateko.
- Betetze-abiadura kontrolatu.
- Hormigoiaren gehiegizko bibrazioa kontrolatu.
- Azken finean, betetze-abiadura kontrolatu behar da enkofratuak presioa hobe jasateko.
Udan edo tenperatura beroetan (25 gradutik aitzina).
- Hormigoia fluidizatu.
- Betetze-abiadura bizkortu.
- Laburbilduz, betetze-prozesuaren denbora ahalik eta laburrena izatea kontrolatu behar da tenperatura altuarengatik sortutako geruzen arteko gogortzea ekiditeko.
Artikuluaren bigarren zatian espero zaitut.
Eskerrik asko!!!
(Irati Huartek itzulia)
Fernando Ibarrola Barberena
Elkarrizketa
Santi-
Eskerrik asko, Fernando eta ongi etorria izan santibelarra.comera. Hau zure etxea da. Zer moduz zaude?
Fernando-
Kaixo, Santi, ongi, eskerrik asko.
Santi-
Zenbat denbora daramazu eraikuntzaren eta enkofratuen munduan?
Fernando-
Bueno, eraikuntzaren munduan 35 urte, baina erran behar dut hasieran ikusi, erreparatu eta praktikatu behar dela ikasteko; bizitza guztian zehar ikasten da: “ergelenak ere zerbait irakasten ahal dizu”.
Eraikuntza askotarikoa da, beraz, ia denetik egin behar da. Hasieran, laguntzailearena eta peoiarena egiten duzu, horrela ikasten da; pixkanaka askatu egiten zara bertzeen mendetik. Enkofratuekin gauza berdina gertatzen da. Nik erreferentzia profesional haundi bat izan nuen nere ondoan, izena jarriko diot, Patxi Barberena da.
Denbora haietan ez genituen egungo material eta erraztasunak eta anitzetan asmamena erabili behar genuen lana konpontzeko. Kuinak, kuneroak, oso bihurrituak zeuden estoloiak (latigiloak), taulak, zumitzak eta korbatak…
Oraindik ere erabilgarriak izaten ahal dira. Garai hauetan, teknikak aldatu dira, batez ere enkofratu modularrekin, egoera ugarietara moldatzen ahal ditugunak imaginazioa erabiliz erremateak eta dimentsioak sartzeko.
Etxebizitzen zimendatzeekin eta paretekin hasi nintzen, zutabeekin, forjatuekin eta teilatuekin. Igotze-kontsola duten zubiak egin ditut, tuneletan ere lan egiten ibili naiz hormigoiaren orgarekin, paretak eta depositoak egin ditut, obra zibiliean egin behar den ia guztia, hegatsak, kunetak, artekak…
Construcciones Mariezkurrena enpresarekin urte anitzez lan egiteko zortea izan dut eta hemendik eskerrak eman behar dizkiot enkofratuen lanbidean trebatu ahal izateko eskura ditugun bitartekoak eman dizkigunari. Gainera, enkofratuen fabrikatzaile hoberenetakoa den, PERI enkofratuak-eri ere.
Lanbide honetan gehien gustatzen zaidana kalkulatzea eta zuinketa egitea da.
Plano bat hartzen dugunean estudio bat egin behar da nola burutuko dugun jakiteko, modu seguruenean, azkarrenean, ordenatuenetan eta eraginkorrenean. Aunitz pentsatu behar da badugun modulatzeko materialarekin, aldamioekin edo laneko mentsulekin nola eraikitzen ahal dugun pentsatzeko, zailtasunei aurre eginez. Adibidez, eskinak, altura-aldaketak, norabidea… imaginazioa eta sormena ere erabili behar dira.
Santi-
Eskerrik asko zure aurkezpenarengatik.
Gaian sartuko gara eta aurpegi bakarreko enkofratuen aingura egoki batek gordetzen dituen taktika eta teknika desberdinak ikusiko ditugu. Hasteko, gainetik, ematen ahal dizkidazu aurpegi bakarreko enkofratuetan hormigoiaren aurkako erresistentzia hobetzeko aholku batzuk?
Fernando-
Aurpegi bakarreko enkofratua eraikitzea aunitzez zailagoa da bi aurpegikoa baino, izan ere, bi aurpegikoa egiterakoan soilik zuzentzeko zurkaiztu behar da baina aurpegi bakarrekoan ez mugitzeko zurkaizteaz gain, ez goratzeko eta ez erortzeko ere.
Bi aurpegira enkofratutako pareten alderantziz, zeinetan hormigoiztatzeari presioa ezartzerakoan azken momentuan ainguraketari transmititzen zaion (enkofratuaren sistema indar-orekan geldituz), aurpegi bakarrekoetan, arazo handiena hormigoi freskoaren presioen ondorioari aurre egitean datza. Kasu hauetan, presioa hagitz handia da eta lurrera modu seguru eta eraginkorrean transmititzea lortu behar da.
Aurpegi bakarreko paretan, presio guztiei aurre egin behar zaie eta lurrera transmititu behar dira.
Gehienez hiru metrorainoko altuera duten paretetan zurkaizte sakon batekin konpon dezakegu, horrela, hormigoi freskoaren presioa mantenduko du enkofratua lurrera lotuz. Izan ere, presioen emaitzak zurkaitzen euste-puntuaren inguruan pibotatzen du.
Beraz, hauek dira nire aholkuak: erabili behar dugun enkofratua ongi ikertu behar da erabili behar dugun sistema planifikatzeko.
Altxatzea jasateko, ainguraketa-puntuak aurreikusi behar dira eta eskoramendu uniforme bat egin zurkaitzaren angelua kontuan hartuz lurrarekiko ahalik eta gutxiena izateko. Hormigoitzearen fasean, aldiz, betetze-abiadura kontrolatu behar da eta dardara zaindu.
Eraikuntzan gauzatu beharreko kasu ugari gerta daitezke pareten tamainaren arabera, enkofratu behar diren materialen arabera, badugun zapataren arabera, arkugainera sendoa bada edo ez… egoeraren arabera sistema bat edo bertzea aukeratuko dugu. Sarreran erran duzun bezala, baliteke arkugainerak esfortzu horizontalak jasatea (arroka, hormigoia) eta erresinaz, estoloiz, hagaxkaz, sakelaz, ezpatez eta hariz ainguratzen ahal dugu.
Baliteke eskoratze bat egitea errazagoa izatea atzean euskarri sendo bat badugu. Horrez gain, posible da pareta tamaina handikoa izatea eta presio handia eragitea, beraz, nere laugarren aholkua da eraiki behar dugun paretarendako egokiak diren eskuadrak erabiltzea (kalkulu egokiak egiteko) eta fabrikatzaile planifikazio egokia (Alsina, Ofresa, Sten, Ulma, Peri etab…) izatea.
Santi-
Zein ongi, eskerrik asko.
Elkarrizketan aurpegi bakarreko 5 metroko eta 40 cmko pareta bat adibidetzat hartuko ditugu. Hau kontuan hartuz, zer neurri hartu behar ditugu zapata bat hormigoitzen dugunean?
Fernando-
Bost metroko pareta bati buruz solasten ari garenez, hau da, tamaina handiko pareta bati buruz, nere aholkua eta erabakia dira fabrikatzaile baten enkofratu modularrak erabiltzea.
Aurpegi bakarreko pareten kasuan, arazoak, presio handiak dira.
Presioak gertatzen dira paretak lurraren kontra, pareta-pantaila baten kontra edo bertze eraikin baten kontra eraikitzen direnean, sotoetan batez ere.
Kasu hauetan, ez dugunean ainguraketarik eraiki beharreko pareta zeharkatzeko, ezin ditugu panelak kontrara jarri. Konpondu beharreko sistema hormigoiaren bultzadari aurre egiteko diseinatua dago eta txertxa edo eskuaira izeneko egituraz osatua dago.
Fabrikatzaile guztiek antzeko sistema dute. Aurpegi bakarreko elementuak hauek dira: egitura, burutu behar dugun obraren zimentaziora ainguratuak daudenak eta hormigoitze-prozesuan enkofratuaren atalei hormigoi freskoaren presioa eusten laguntzen diotenak.
Galderari erantzunez, kontrahormen sistemak hormigoiztatze-indarrak segurtasunez neutralizatzea ahalbidetzen du zapatan txertatutako ainguraketa inklinatuen bidez. Ondorioz, zapata hori hormigoiztatzerakoan, zuinketa eta fabrikatzailearen arabera kontuan hartu behar dugu hormigoi freskoko ainguraketak egokiak direla eta behar bezala banatuak daudela fraguatzea baino lehen.
Santi-
Xehetasunetan sar gaitezen. Zer txertatuko dugu zehazki zapataren hormigoian?
Fernando-
Eusteko egiturak binaka ezarri ohi dira enkofratuaren elementu edo panela eskuairari sendotasunez lotuz. Horrela, mugitzen ahal dira elementuak desmontatu gabe. Pandeoa ekiditeko, multzoa sendotu behar da eskuaira-bikoteak txarratxatuz, normalean altzairu tubularreko elementuak erabiliz egiten dena.
Eskuadrek txarrantxak finkatzeko elementuak dituzte, eta fabrikatzaile bakoitzak sistemaren jarraibideak ematen dizkigu.
Eskuaira bikoteak sistemarengatik makurtuak dauden ainguraketeei (45 gradukoak izan ohi dira) trakzioak transmititzen dituzte: egiturak hormigoi freskoaren bultzada banaketa-uhalari (alderantzizko U bikoitza) transmititzen dio eta aldi berean trakzio moduan transmititzen ditu ainguraketa-barretara.
Ohikoena da eskuaira bakoitzeko bi ainguraketa uztea aldi bakoitzean eta zapatatik 45 gradutara. Ainguraketaren diametroa, aldiz, jasan behar duten trakzioaren araberakoa izanen da, hauek dira ohikoenak: 15 mm, 2 0mm eta 26,5 mm.
Ainguraketa-sistema ainguratze galdu batez osatua dago (ondulatua izan daiteke edo plaka bat izan dezake) eta bi barretara (ainguraketa-barrara eta galdutakora) erroskatutako kono errekuperagarri batez lotua egoten ahal da. Ainguraketa-barrak eskuadren bi aldetik profil-uhala zeharkatuko du, eta palomillazkoak izan daitezkeen plaka eta azkoinekin estutuko dira
Ainguraketa-barrak eta galdutako ainguraketak muga elastiko handiko altzairuzkoak dira.
Merkatuan gehien erabiltzen diren ainguraketa-barretarako onargarria den gehieneko trakzioaren balio bereizgarria 15 mmko barretarako 120 KNkoa da, 220 KN 20 mmkoendako eta 350 KN 26,5 mmkoendako, kontuan hartuz eskuaira bakoitzeko ainguraketa-bikote bat jartzen dela.
Laburbilduz, fabrikatzailearen, enkofratuen neurrien eta eskuadren dimentsioaren arabera, eskuadren alde bakoitzean zapatan ainguraketa egokiak utziko ditugu, jasan behar dituzten trakzioen arabera.
Horrez gain, garrantzitsua da hormigoitzearen ondoren hiru egun itxarotea ainguraketak behar duen erresistentzia hartzeko, bertzenaz, agian azeleratzeko gehigarriak erabili beharko genituzke hormigoiarentzat.
Santi-
Zein ongi, Fernando; hori bai dela xeheki azaltzea. Hagitz inportantea da azaldu diguzuna.
Ongi dakizun moduan, normalean eraikuntzan kostuak txikitzen saiatzen gara. Paretaren alturari dagokionez, zein zapata zabalera izan behar dugu gutxienez? Bada altuera/zabalera erlaziorik edo ez du inporta alde bakarrera enkofratzeko orduan?
Fernando-
Hasteko, zapata dimentsionatua eta kalkulatua egon behar da lurraren (sendoa edo biguna) eta jasan behar dituen indarren arabera.
Aurpegi bakarreko paretetan, armaduren esfortzua kontuan hartuz, ohikoena da zapata jarraituak eta karga eszentrikoko zapatak izatea; ertzaren araberakoa ere izanen da.
Aunitzetan, kostuengatik zapaten zabalerak txikiagotzen dira eta txarrantxa-biga zentratzaile edo ertainekin konpentsatzen dira.
Eskuadrekin enkofratzeko markatzen diguten erlazioa 1 zabalerakoa da, 2 altuerakoa eta gure 5 mko paretarako 2,5 mko zabalera izanen litzateke egokiena.
Gertatzen ahal da zapata ainguraketen Z trakzioa jasateko nahiko indartsua izatea eta bertzeen aldeko lurraren presio-puntuan ez izatea zapata-zabalera nahikoa. Orduan, inprobisatu beharko genuke, solera bat prestatuz edo enkofratua iraultzeko presioari eutsiko dion lur sendoa ongi trinkotuz.
Santi-
Orduan, komenigarria al da atzeraeramandako hormigoizko oinarri sendo bat sortzea eskoratzearendako eta zanpatzearendako?
Fernando-
Oinarri zurrun bat behar da eta lur sendoaren gaineko hormigoiaren gainekoa bada hobe. Eskuadren atzeko parteak konpresio moduan egiten du lan, hau da, lurra presionatzen du atzeko puntuan iraultze-mugimenduaren kontra, beraz, zapata bera balitz, hobe.
Horrek guztiak hormigoiak eskuadretan egiten dituen esfortzuen kalkuluan egon beharko luke eta aldi berean, konpresio-puntuak torloju bat duen hanka-sistema bat du, enkofratua aplomatzeko balioko diguna.
Eskuairak lurrari transmititzen dion V karga bertikalaren magnitudea ere kontuan hartu behar dugu. eskuairaren atzeko aldeak eusten duen puntuak ezin badu karga puntuala jasan eta atzeko oinean lurrean sartzen bada, multzoa txikitu eta paretaren geometria galduko da.
Kargaren balioa kontuan hartu behar da karga banatzeko neurriak jartzeko beharra baloratzeko, hala nola, banaketa-taulak edo hormigoizko zapata bat, indarraren aplikazio-puntuan lurrak duen erresistentziaren arabera.
Paretarekiko distantziak erabili behar dugun eskuaira mota zehaztuko digu paretaren altueraren arabera. Adibidez, 5 mko altuerarendako 2,5 mko zabalera behar da zoru onarekin.
Hirugarren partean itxaroten dizut. Eskerrik asko!
Honekin jarraituz: Irati Huartek itzulia
Fernando Ibarrola Barberena
Santi-
Dudarik gabe, aurpegi bakarreko paretak egiteko metodorik hoberena enkofratu modularrak dira.
Orokorrean, zer osagarri berezi gehiago existitzen dira edo ematen dituzte fabrikatzaileek aupegi bakarreko enkofratuekin enkofratzeko?
Fernando-
Ikusi dugun bezala, aurpegi bakarreko enkofratuak egiteko enkofratu-sistemen fabrikatzaileek hormigoi freskoaren presioei aurre egiteko eta lurzorura eta zimenduetara modu fidagarrian transmititzeko gai diren sistemak garatu dituzte. Fidagarritasun horrek obran eskoratzea baino exekuzio-errendimendu handiagoak eskaintzen ditu. Gainera, sistema horiek alde bateko altuera handiko hormak hormigoiztatzeko aukera ematen dute, eta hori ez litzateke posible izanen sistema tradizionalarekin.
Merkatuan eskuragarri dauden sistema guztiak, altuera handietarako zein txikietarako, kontzeptu berean oinarritzen dira hormigoiztatze-presioei aurre egiteko eta horiek transmititzeko. Eskuadra formako egitura triangeluar metaliko euskarriak erabili behar dira, paretaren zimenduari lotuak. Eskuaira horiek aitzineko aldean finkatutako elementu enkofratzaileak dituzte moduluen enkofratuen kasuan eta habeen eta errailen enkofratuen kasuan, banaketa-profilekin ezpatetako zuloen parean edo zuzenean.
Fabrikatzaile guztiek antzekotasunak dituzte sistemetan baina bakoitzak eskuairetara finkatzen diren elementu enkofratzaileak aldatzen ditu, panel edo modulu moten arabera, eta dagozkien lotura-sistemen eta indar-banaketaren arabera.
Erabili beharreko osagarri bereziei dagokienez, moduluak eskuairetan montatzeko elementuak aipatuko ditugu, baita zapata-ainguraketen piezak montatzeko elementuak ere. Fabrikatzaile batetik bertzera zerbait alda daiteke, baina nik PERIren zerbait aurkeztuko dizuet.
PERIk eskuaira desberdinak ditu altuera eta presioen arabera:
6 metrorainoko paretendako.
SB-2a Construcciones Mariezkurrena enpresan duguna da, baina batzuetan ez diogu zerbitzu gehiegi kentzen, obra txikietarako enkofratu astun horretako material asko mobilizatu behar delako. Baina uste dut gehiago erabili beharko genukeela.
SB AO,A,B,C
8.75 mko paretendako. Egitura honek altuera ugarirendako balio dezake, izan ere, behar dugun pareta sortzeko bata bertzearen gainean montatutako lau elementu dira.
SB AO+A+B+C 6´75-8,75 mkoa
SB A+B+C 5,5-6,75 mkoa
SB A+B 3,5-6 mkoa
SB B+C 3,75-5 mkoa
SB A+C 2,75-4 mkoa
SB B 2,5-4 mkoa
SB A 2,5-3 mkoa
Horiek guztiek beraien artean lotzeko abrazaderak dituzte.
PERIk, moduluen eta eskuairen arteko entsanbladurarako, elementu bereziak eta konektoreak ditu.
Era berean, bertze batzuk ere badituzte, eskuairak GT24 habeetara eta errailetara konektatzeko. Beraz, egitura montatuta egonen litzateke, bai enkofraturako, bai errunaldian jartzeko mugimendurako.
Fabrikatzaileek ematen dituzten bertze osagarri garrantzitsu batzuk ainguratzearenak dira.
Santi-
Non montatuko ditugu eskuairak eta enkofraturako panelak?
Fernando-
Zabalgune batean espazio nahikoa aurreikusi behar dugu enkofratua pilatzeko eta montatzeko. Material astuna da eta horregatik, grua izanen dugu materiala deskargatzeko, enkofratuak montatzeko eta paretan jartzeko.
Ahalik eta montaketa-eragiketa gehien eginen dira lurrean, hormigoiztatze- plataformena barne.
Eskuairak elkarri lotuak etortzen ahal dira garraioan eta moduluak paketeetan eta osagarriak palet edo tiraderetan.
Gruaren eta langileen arteko mugimenduak koordinatu behar dira materialak lotzeko eta garraiatzeko prozesuan, bat-bateko mugimenduak eta arraste-mugimenduak saihestuz, altxaera bertikalean eginez eta kargak langileen gainetik ez eramanez.
Santi-
Zein urrats jarraitu behar dugu montatzeko?
Fernando-
Mota horretako enkofratuekin askotariko sistemak erabiltzen ahal direnez, montaketak askotarikoak baina antzekoak izan daitezke, eta beraz, ezinbertzekoa izanen da enkofratua montatzeko, erabiltzeko eta desmontatzeko fabrikatzaileak emandako jarraibideak betetzea.
Ezinbertzekoa da sisteman aurreikusitako elementu guztiak montatutako eta behar bezala entsanblatutako osagarri guztiekin jartzea.
Prebentziozkoa da, halaber, materiala berrikustea, egoera onean egoteko, baina hala ez bada, akatsak zuzentzea eta baita kentzea eta aldatzea ere.
Hasteko, eskuaira-egitura montatu behar dugu alde batetik eta kontzeko eta zanpatzeko torlojuak gehitu behar dizkiogu. Bata bertzearen gainean gehitu beharreko altuerak direnean, lurrean montatuko ditugu torlojuak, buloiak edo lotura-erregeletak daramatzaten osagaiekin.
Bigarrenik, enkofratuaren moduluak montatu behar ditugu lurrean, eraiki beharreko paretarendako neurri egokia lortuz.
Eskakizun estetiko zehatzak dituzten obretan, garrantzitsua da hormigoiaren gainazaleko akabera kontuan hartzea; beraz, moduluen ordez habeak eta forruak jar daitezke.
Habeak edo bigak lotzeko uhalak montatuko dira eta ondoren, forruak lerro uniformeekin eta estetikoekin atornilatuko dira, baita berenjenoen erabilera ere, hala behar izanez gero.
Enkofratu hori eskuairekin lotzeko, banatu beharreko sisteman konexioak daude uhaletan, presioak jasateko banaketa egokian.
Alde batetik, moduluak lurrean edo habeen eta forruen panelean (kasuaren arabera) montatuak ditugula, lotura-elementuak eta konektoreak jarriko ditugu fabrikatzaile bakoitzaren sistemaren arabera, eskuairak enkofratuari banan-banan lotzeko.
Normalean, modulu bakoitzerako bi eskuaira erabiltzen dira ezpatetarako dituzten zuloen lerroarekin kointzidituz, konektoreak hortik abiatzen baitira sistema batzuetan. Pareta hagitz handien neurrietan, batzuetan hiru eskuaira jartzea komeni da.
Eskuairak enkofratuen gainean montatu ondoren, diagonalak (tubo zurrunak) entsanblatu behar dira sendotasuna emateko.
Normalean, diagonalek entsanblajerako puntu estrategikoak dituzte, baina badira baita ere abrazadera fijoak eta bueltaka mugitzen direnak eraikitzeko.
Ondoren, hormigoirako egokiak diren laneko mentsulak montatzen dira eta eskailera tubularra badugu, egiturari txarrantxatuko diogu.
Enkofratua eskuairekin lurrera bateratua dagoenean, gruarekin goratuko dugu egin behar dugun paretaren kontra (armadura ongi dagoela begiratuz). Beraien artean lotuko ditugu eta lehenagotik prestatu dugun zapatara ainguratuko ditugu, ondorengo aplomo gisa. Eskuairek garraiorako edo montaketa-aldaketarako goratzeko heldulekuak izan ohi dituzte.
Santi-
Aldamioa lurrean montatzen ahal dugu egoera arriskutsuak ekiditeko?
Fernando-
Laneko mentsulak lurrean montatu behar dira, egitura, moduloa eta eskuairak goratzea baino lehen montatuak daudenean, erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko. Sistemak horretarako prestatuak daude.
Jarraian, plataforma montatu baino lehen mentsulen eta loturen egoera ona bermatu behar dugu. Montajearen baldintzek ez badigute uzten aipatutako elementuetatik lan egiten, ez erortzeko segurtasunezko arnesa erabili behar da eta bertze neurri batzuk eta makina batzuk erabiliko ditugu, hala nola, aldamioak, plataformak, jasogailuak etab.
Aldamioa erabilgarria da paretaren ferraila montatzeko; noski, obra bakoitzaren beharrak kontuan hartu behar dira: aldamioa edo jasotzeko plataforma erabiliko dira kasu bakoitzean. Ez badugu eskailera tubularrik, aldamioa mentsuletarainoko eskailerarekin montatzea komenigarria da.
Santi-
Bueno, pareta prestatua dugu. Artikuluaren hasieran, hormigoiztatzeko aholku batzuk aurkeztu ditut, bertze batzuk erraten ahal dizkiguzu?
Fernando-
Pareten enkofratua hormigoiztatzeko egin behar diren pausu guztiekin ados nago eta aurpegi bakarrekoak gehiago kontuan hartu beharko lirateke hormigoi freskoak eragiten duen presio handiarengatik.
Metodo guztiek badute presio-muga batekin blokeatzen den presio hidrostatikoa.
Gainera, meteorologia bakoitzak ziurtatu beharreko hasierako hipotesia baldintzatzen du.
Isuriaren abiadurari erreparatu behar zaio, hormigoiaren konsistentziari, erretardanteen existentziari, zementoari, tenperaturari eta izan ditzakeen gehigarriei.
Isuri eta konpaktazio-lanak praktika onaren erregelak jarraituz egin behar dira akats superfizialak ekiditeko.
Ziurtatu behar da paretaren betetzea modu uniformean eta osotasunez egiten dela, gutxi gorabehera metro bateko tongadetan hormigoirik gabeko lekurik ez egoteko. Bibratzen dauden langileek gaituta egon behar dute eta behar den sakonera sartu behar dute gainjartzea ziurtatuz (15,20 cm aitzineko geruzan) eta poliki-poliki atera. Frekuentzia altuko diametroko bibrazioak erabili behar dira hormigonatu behar den estrukturaren arabera.
Hormigoiaren isuriarendako neurri egokiak izan behar ditugu, adibidez, altuera handitik ez botatzeko eta isurtzea ekiditeko mangerak; horrez gain, kontuan hartu behar da enkonfratuari ematen zaion golpearen presioa.
Isuriaren erritmoa tongaden josterako egokia izanen da eta ez sobera azkarra hormigoiak enkofratuari egiten dion presioa ez handitzeko. Aurpegi bakarreko enkofratu hauetarako garrantzitsua da fabrikatzaileen kalkuluak jakitea hormigoiaren goranzko-abiadura kontrolatzeko V (m, h) fraguatzearen tenperaturaren arabera T (ºC) eta enkofratuaren altuera H (m).
Santi-
Bukatzeko, desenkofratua alde batera utziko dugu, ohiko desenkofratu modularra baita.
Ez dut nahi elkarrizketa gehiegi luzatu, izan ere, ezagutzen digun edozeinek badaki detaile aunitzekin orduak pasatzen ahal ditugula. Fernando, zerbait gehitu nahiko zenuke?
Fernando-
Bueno, bai, luzatzen ahalko ginen eta orokorrean eraikitzeko eta enkofratuendako elementu guztien detaileei buruz solastu, baina hoberena da, kasu bakoitzean, dauden produktuen eta sistemen berri izatea eta une bakoitzean egokiena denaren alde egitea.
Gure enkofratua sendoa eta segurua izateko egokiena zein den aztertu behar dugu eta emaitza onak izateko, hasieratik planifikazio on bat egitea kontuan izan behar dugu.
Aurpegi bakarrera enkofratzea eta batez ere pareta altuetara hagitz zaila da eta kargak mantentzeko ongi kalkulatua egon behar da. Sarreran ongi azaltzen duzun bezala, hagitz garrantzitsua da baita ere hormigoiztatzea egokia izatea.
Santi-
Eskerrik asko, Fernando, eraikuntzaren kultura zabaltzen laguntzeagatik. Ea egungo eta etorkizuneko eraikitzaileak animatzen ditugun enkofratuen lanbide berezi honetan espezializatzera.
Fernando-
Eskerrik asko zuri, Santi, lanbide honetako ezagutzak zabaltzeko zure zereginean parte hartzen utzi didazulako eta espero dut aunitzendako lagungarri izan dadin.
Laster arte.
Santi-
Eskerrik asko honaino ailegatu zareten guztiei, espero dut aurpegi bakarrera enkofratzeko metodorik seguruena zein den ikasi izana.
Besarkada haundi bat!!!
«Zure lanak zure bizitzaren zati handi bat beteko du, eta egitan kontent egoteko modu bakarra lan ederra dela uste duzuna egitea da. Eta lan ederra egiteko modu bakarra egiten duzuna maitatzea da».
(Steeve Jobs)