Sarrera
Hodia ura edo beste fluido batzuk garraiatzeko hodi-bide bat da. Askotariko materialekin egin ohi da. Sistema horretara egokitzen diren materialak garraiatzeko ere balio dute, nahiz eta berez fluido bat ez izan: hormigoia, zementua, zerealak… (Wikipedia)
Artikulu hau idaztearen arrazoia, eraikuntzan hasi nintzenean, hodiak jartzean zorigaiztoko esperientzi ezberdin batzuk izan nituelako da. Horren ondorioz, ur- ihes detekta ezinak egon ziren, kontrako maldan jarritako hodiak, ezusteko desatsegin asko eta baita zanga behar ez bezala betetzearen ondorioz lehertutako hodiren bat ere. Eskarmentu eta prestakuntza faltagatik, bolada hartan gauza asko oker egin nituen, geroago makina buruhausteetara eraman nindutenak, nahiz eta azkenean asko ikasi izan nire akatsetatik.
Orain uste dut jarraian idatziko dudana oso baliotsua izango dela hodirik ohikoenak edo eraikuntza zibileko obretan sarrien jartzen diren hodiak behar bezala jartzen ikasi nahi dutenentzat.
Hodiei eman diezaiekegun erabilera bukaezina da. Wikipedian azaltzen dutenez, ura, gasa, petrolioa, hondakin-urak, kable elektrikoak, telekomunikazioak eta abar garraiatzeko balio dezakete.
Arriskuei dagokienez, ezin ahaztu segurtasun-arauak agintzen duenaren arabera, 1,30 m-tik gorako sakonerako zangetan entibazioak eta erorketaren aurkako nolabaiteko babesak erabili behar ditugula, barruan, kanpoan eta uneoro seguru egon gaitezen.
Hauek dira aztertuko ditugun hodietako batzuk eta zein zerbitzu motatara bideratuta dauden jakingo dugu. Lau multzotan sailkatuko ditugu:
1- Ur- hornidurarako hodiak.
1.1- Fundiziozko hodiak.
1.2- Polietilenozko hodiak.
2- PVCzko hodiak: hustubideak, euri-urak eta drainatzeak…
3- Hormigoizko hodiak: Errepide-gurutzaketak, euri-urak…
4- Hodi korrugatuak: energia elektrikoa, argiteria publikoa, telekomunikazioak, zuntz optikoa…
1- 1- Ur- hornidurarako hodiak.
1.1- Fundiziozko hodiak.
Ezaugarriak:
Esan dezakegu ur-hornidurako hodi motarik erresistenteena eta fidagarriena dela. Hauek lirateke galdaketa harikorreko edo fundiziozko hodien ezaugarri garrantzitsuenak:
- Uraren kalitate ona.
- Presio handiekiko erresistentea.
- Iraunkortasun handia denboran.
- Manipulatzeko erraza; zulatzeko, mozteko, piezak jartzeko, etab.
- Lurra asentatzen denean, zatitu aurretik, okertzeko gaitasuna. (Neurri baterarte, noski).
- Talkarekiko erresistentzia handia.
- Kolokatzeko erraza.
- 6 metroko luzera duten unitateak osatzen dute, eta kanpai bat dute hodi bat hurrengoarekin lotu eta elkar-sartzeko, barruan gomazko juntura bat daramatelarik.
- Beharrezko emariaren araberako diametro sorta zabala hartzen du.
Kolokazioa.
Jarri nahi dugun zanga zatia induskatuko dugu. Ur-hornidurako kanalizazioak, normalean, 1 ’00 eta 1 ’50 m arteko sakoneran joango dira. Hala ere, neurri hori aldatu egin daiteke hainbat faktoreren arabera.
Ur-hornidurako hodietan, hodiak maldan behera edo kontrako aldapan eraman daitezke, baldin eta eroanbidearen hasieraren eta amaieraren arteko kota aldekoa bada. Beheko puntuetan husteko edo deskargatzeko giltzak jarriko ditugu; goiko puntuetan bentosak jarriko ditugu, betetzean eta bertzela ere metatzen den airea purgatzeko.
Malda egokia daramagu, erregela eta nibel batekin. Jarraian, hesola batzuk sartuko ditugu zangaren oinarrian, hareazko edo hartxintxarrezko ohearen kotak adieraziko dizkigutenak.
Hareaz edo hartxintxarrez betetzen dugu zangaren oinarria, hesolek markatzen diguten altueraraino. Txukun edatzen dugu, sestra uniforme bat lortzeko. Horrela, hodiak jartzeko prest utziko dugu prestatutako tartea.
Lehen hodia, eslinga batekin, hondeamakinari lotu eta kanalizazioaren hasieran jarriko dugu. Normalean, balbularen bat jarriko dugun kutxatilan edo lotura-gune batean izango da. Hodia zurkaiztu eta material pixka bat botako diogu gogor eutsita uzteko.
Komeni da hodi-muturra aurreko aldean gera dadin jartzea, eta kanpaia edo emea atzeko aldean. Elkarren artean sartzea errazteko eta ihesak izateko aukerak murrizteko. Hau da, hodiak sartzean makinarekin bultza egiten dugunean, hobe da kanpaiaren aldetik bultza egitea.
Gomazko juntura jartzea
Gomazko junta hartu eta “8” moduko bat egingo dugu. Kanpaiak goma akoplatzeko duen ebakiduraren oinarrian bermatzen dugu, eta apurka-apurka presionatzen joaten gara, juntura bere zuloan sartu ahala, hodiaren goialdera iritsi arte. Hemen gogor estutzen dugu juntura lekura eraman arte.
Diametro txikietan edo tenperatura baxuetan, askoz gehiago kostatuko zaigu juntura sartzea. Kasu horietan, hodietarako koipe berezi pixka bat emango diogu, errazago kokatu dezagun.
Hurrengo hodia lotu eta hodientzako koipe berezia ezarriko diogu hodiaren punta osoan zehar. Aurretik sartutako hodiaren kanpaia garbitu eta goman ere koipea jarriko diogu. Orain hodia, jarrita dagoen beste hodiaren kanpaian sartuko dugu.
Taula-puska bat jarriko dugu kanpaia estaltzeko eta ez hondatzeko. Makinarekin bultza egingo dugu, emeki-emeki, hodia erabat sartu arte.
Ohar garrantzitsuak hodiak txertatzean:
- Koipea beldurrik gabe aplikatzen dugu, bai muturrean, bai kanpaiaren junturan.
- Hodiak ezin hobeto zuzentzen ditugu, bai lerroan eta bai altueran.
- Lenbiziko hodiak sartzen ditugu, eta ondoren, bihurgune leunen batean okertu edo pixka bat behartu daitezke bideratzeko; gehienez 3º.
- Kaputxa edo plastikozko tapoi batekin estaliko dugu kanpaia, zikinkeriarik sar ez dadin.
- Gauza bera egiten jarraitzen dugu zanga zatia amaitu arte.
Zangen betelana
Hodiak jartzeko lana amaitu ondoren, hartxintxarrez edo grabaz estaltzen hasiko gara. Eskuzabal estaltzen ditugu 15 cm, inguru guztian zehar. Hartxintxarraren (edo harearen) ondoren, 30 cm zahorra botako diogu. Puntu honetan igel trinkotzaile bat sartuko dugu eta zanga guztia ondo zapalduko dugu.
Hodiak sorotik sartzen ditugunean, berdin beteko ditugu, baina indusketatik datorren materialarekin. 15 edo 20 cm hartxintxar; 30 edo 40 cm material eta trinkotu.
Zanga osoa zapaldu ondoren, zinta seinaleztatzailea jarriko dugu, “Azpian ur-hodiak daude”.Etorkizunean obrak daudenean hodiaren berri emateko.
Azkenik, dagokion materialarekin estaliko dugu zanga osoa, eta berriro trinkotuko ditugu zabor-legarrak. Horrela, prest utziko dugu dagokion zoladurarekin amaitzeko.
Landako kanalizazioekin lan egiten dugunean, zanga landa-lurrez lehengoratu eta errematatuko dugu.
Piezerioa.
Obraren beharren arabera jar ditzakegun hainbat osagarri eta pieza daude: mozteko balbulak, presioa murrizteko makinak, ur-kontagailuak, bentosak, “T” ak, ukondoak, etab. Hodiarekin lotzeko, entxufe brida bat jarriko dugu, eta gero dagokion pieza. Halaber, entxufe- entxufe, brida- entxufe, brida- brida eta beste edozein hodirekin lotu daitezkeen murrizketa eta lotura unibertsal ugari ditugu.
Baina artikulu honetan ez dugu piezen gaia jorratuko, asko zabaltzen baita, beraz, aparte ikusiko dugu etorkizuneko beste artikulu batean.
1.2. Polietilenozko hodiak.
Ezaugarriak.
Gaur egun, ur horniduratan gehien erabiltzen den hodi mota da.
- Uraren kalitate ona. (Orain dela urte batzuk polietilenoa sartzen genuenean, hasieran urak goma gustu pixka bat izaten zuen, orain ez da horrela izaten).
- 50 eta 100 m-ko arraboletan edo 6 eta 12 m-ko kanaberetan datoz.
- Elkartze-loturak honako hauek izan daitezke: tope soldadura, pieza elektrosoldagarriekin, polietilenozko piezekin edo letoizko piezekin, besteak beste.
- Presio handiekiko erresistentzia mugatua; gehienez 6 bar, 10 bar eta 16 presio-artekoak ditugu, ohikoenak.
- Oso erabilgarria da diametro txikietan, baina diametroa handitzen dugun heinean, jartzea eta manipulatzea zailagoa da. (Biribilean ditugunean, batez ere).
- Ebakitzeko, zulatzeko eta soldatzeko erraza da.
- Diametro handietan, deserosoagoa da jartzeko.
Kolokazioa.
Fundizioko-hodiarekin zanga egin dugun bezala, berdin jokatzen dugu polietilenozko hodiarekin:
- Zanga ireki.
- Bota hartxintxarrak.
- Zabaldu eta jarri hodia.
- Estali hartxintxarrez.
- Bete altuera erdira arte.
- Trinkotzea edo zapaltzea.
- Seinaleztatzeko zinta jartzea.
- Goraino bete.
- Trinkotzea eta amaitzea.
Polietilenoaren kasuan, diametroak txikiak direnean, oso erraz jartzen dira. Hodi-biribilkia erraz desbiribilkatzen dugu eta arazorik gabe jartzen dugu. Lotura-piezak erabiltzen ditugu hodiak elkar lotzeko eta hartuneak edo maniobrak egiteko.
Diametroa 90 mm-tik gorakoa denean zailtasunak hasten dira, polietilenozko biribilkiak manipulatzen eta desbiribilkatzen zailagoak dira, batez ere tenperatura baxuekin. Beraz, makinaren bat behar dugu lana errazteko. Hainbat metodo erabil ditzakegu hodien erroiloak desbiribilkatzeko:
- Eutsi biribilkiari puntu finko batean, eslinga batekin besarkatuz, eta tira emeki makina batekin hodiaren kanpoko puntatik erabat askatu arte.
- Zilindro desbiribilkatzaile bat erabili dezakegu eta, biribilki ahokatua bertan jarriz, kanpoko puntatik tira egin eta desbiribilkatzen dugu, zilindroak prozesua errazten duen bitartean. Nahiz eta nahiko handia izan, zilindroa oso lagungarria izango zaigu askotan.
Normalean, loturak pieza elektrosoldagarriekin edo letoia edo polietilenoa lotzen duten piezekin egiten dira.
Polietilenozko hodiak, 110 mm-ko diametrotik aurrera, ohikoena 6 edo 12 m-ko kanaberetan etortzea da. Askoz erosoagoa da jartzeko, eta tope soldaduraren edo pieza elektrosoldagarrien bidez lotzen dira. Tirada luzeak soldeatzen dira zangatik kanpo, eta gero zanga barruan sartzen dira batera.
Zangak betetzeko prozedura fundiziozko-hodietan ikusi dugun berbera da.
- PVCzko hodiak
PVCzko hodiak hondakin-urak eta grabitate bidezko euri-urak bideratzeko erabiltzen dira. Normalean urbanizazioetan, saneamenduetan, eraikinetako instalazioetan eta, oro har, barnealdeko eta kanpoaldeko hodietan erabiltzen dira.
Dentsitate handiko PVCzko hodiak ere badaude, edateko ura eroateko erabiltzen direnak eta presio handiak jasaten dituzte; baina gu saneamendu-kanalizazioetan erabiltzen dugun PVCzko hodiari erreparatuki diogu soilik.
Ezaugarriak.
- Arina eta malgua da.
- Erraza da manipulatzen, mozten, zulatzen eta txertaketak jartzen.
- Erraza da elkarrekin konektatzea.
- Hormak oso leunak dira, eta fluidoen joan-etorria errazten dute gutxieneko malda duten zatietan ere.
- Denboran korrosioari erresistentea, normalki.
Kolokazioa.
PVCzko hodiaren kokapena fundiziozko-hodiarenaren oso antzekoa da. Prozesua berdin-berdina da PVCzko hodiak gomazko junturak fabrikan jarrita ekartzen dituela, elkarren artean zerbait gehiago gainjartzen dutela, arinagoa dela, baina aldi berean hauskorragoa dela, kontutan hartuta.
Hauxe litzateke lan-sekuentzia:
Zanga ireki.
- Babestea (entibazioa eta baranda).
- Hesolak kotan jartzea.
- Kotetara hartxintxarrak botatzea.
- Hodiak jartzea, eta koipea aplikatzea bai hodiaren puntan bai gomazko junturan.
- Estali hartxintxarrez (15 cm gainetik).
- Bete zanga altuera erdiraino. (Sakoneraren arabera; zenbat eta sakonagoa izan zanga, orduan eta trinkotze-geruza gehiago).
- Trinkotzea.
- Goraino bete.
- Trinkotzea.
PVCzko hodiak jartzean saihestu behar dugun ekintzetako bat, hodiak zurezko takoekin kaltzatzea da, ondoren ingurua hartxintxarrez betetzeko. Hori obretan behar baino gehiagotan egiten da, baina ez da gomendagarria. Hodiak presioa jasaten du tako horietan eta puntu horietan deformatu egiten da, beti presio handiagoa hodiaren goiko aldetik dagoelako eta hartxintxarra ez delako hodi horren azpitik ongi sartzen. Berrikuspen-kamera zanga bete ondoren sartzen badugu, ikusiko dugu jarri ditugun tako guztiak hodiaren barrualdetik islatuta eta markatuta ateratzen direla.
Piezerioa.
PVCzko hodietan jartzeko pieza sorta zabala dugu, obraren premia eta eskakizun desberdinak konpontzen dizkigutenak:
Ukondoak, “T” ak, mahukak eta era guztietako injertoak. Bi modutan jartzen dira: gomazko juntura batekin eta koipea aplikatuz edo PVCrako kola soldatzailearekin.
Drainatzeak
Drainatzeko hodiak filtrazioak bideratzeko eta irteera emateko erabiltzen dira, metatzen diren ur horiek arazorik sor ez dezaten.
Honen bidez, eraikinetako iragazketak eta hezetasunak saihesten ditugu, eskabazioetan edo betelanetan ur-jarioak saihesten ditugu, eta drain bat behar bezala jartzeak arazo handiak saihets ditzake eraikuntza askoren etorkizunean.
Hau izango litzateke kokatzeko sekuentzia zuzena:
- Indusketa.
- Hormigoizko errekatxo zola bat.
- Geotestil-manta jartzea.
- Drainatze-hodia jartzea.
- Inguratu hodia hartxintxarrez.
- Estali laminarekin, hodia inguratzen duen hartxintxarra besarkatuz.
- Material granularrarekin bete.
- Hormigoizko hodiak.
Hormigoizko hodietan, bi mota bereizi behar ditugu, hauek jartzean hainbat ekintza behar direlako: masako hormigoizko hodiak eta hormigoi armatuzko hodiak. Normalean, masa-hormigoizko hodiak indartu eta hormigoizko geruza batez estali behar izaten ditugu; hormigoi armatuzko hodietan, berriz, oinarria hormigoitu besterik ez dugu egin behar hodi laurden bateko altueraraino. Gero eta gehiago erabiltzen dira hormigoi armatuzko hodiak, eta masa-hormigoizkoak gero eta gutxiago; beraz, artikulu honetan hormigoi armatuzko hodietan soilik jarriko dugu arreta.
1.980ko hamarkada arte, hormigoizko hodiak lan guztietarako erabiltzen ziren, PVCa agertu zen arte. Ordutik, hormigoizko hodiak, nagusiki, euri-uren kanalizazioetarako erabiltzen dira.
Ezaugarriak:
- Hodi motarik astun eta gogorrenetako bat da.
- Kargak aguantatzeko gaitasun handia du, eta zaila da zamatzea edo apurtzea.
- Oso astuna da eta makina motaren bat behar du jartzeko.
- Zaila da zulatzea, manipulatzea, moztea eta lan egitea.
- Hustubideetan, korrosioak denborarekin higatzen ditu.
Kolokazioa.
Hodi mota honetan, lan egiteko modua dezente aldatzen da orain arte ikusi dugunarekin alderatuta. Zanga egun batzuetan irekita eduki behar dugu, hodi mota hori jartzeko. Hormigoizko zolata bat behar da ere, aurreko egunean botatakoa.
Hauek lirateke jarraitu beharreko urratsak: (Ibilgailuen trafikoa duen kale batean 1.000 mm-ko hodien kanalizazioa eta 2 m-ko sakonerako zanga hartuko ditugu adibide gisa).
- Tarte mugatu bat induskatzen dugu, zanga zenbait egunez behar bezala babestu ahal izateko. (Entibazioa eta baranda).
- Hesolak jartzen ditugu hormigoizko zolataren kotan. Gomendagarria da 20 cm inguruko lodiera uztea eta oinarrian burdin-sare bat jartzea zolata bateratzeko. Hodi bakoitzaren pisua 2500 kgr ingurukoa baita.
- Hormigoia botatzen dugu hondeatutako zati osoan, eta zehatz mehatz txukuntzen dugu. Hormigoizko hodien gutxieneko malda % 2koa izatea komeni da. Garrantzitsua da, halaber, malda-aldaketak kutxatiletan egitea; horrela, ez dugu tarteko sestra-aldaketarik, horrek asko zailduko bait liguke elkarren artean kolokatzea eta sartzea.
- Hurrengo egunean hodiak jartzen hasiko gara: kanpaiari duen lodiera aurreko aldetik lehenengo hodiari kaltzatuko diogu. Tinko eusten diogu eta egurrezko zati batzuk jartzen dizkiogu, norabide egokian mantenduz.
- Hurrengo hodiak jarriko ditugu. Juntura jarri eta koipe ausarki emango diegu. Arra emearekin aurrez aurre aurkeztuko dugu, eta azkenik, bultzada sendo baina aldi berean suabe batekin, hodiak toperaino sartuko ditugu, hondeamakinarekin. (Hodi mota hau bultzatzeko modurik errazena, kable batekin izaten da, hodiaren erditik urkatuta eta hodiari tiraka, aurrera eta gora emeki-emeki. Traktel edo tiraforra ere erabiltzen da hodiak sartzeko; eskulan gehiagokoa da, baina eraginkorra eta praktikoa ere bada).
- Hodien tarte guztia jarrita daukagunean, hormigoia botako diogu kanalizazioa bateratzeko.
- Hurrengo egunean, hormigoia lehortzen denean, zangak betetzen hasiko gara, gorago azaldu dugun bezala.
- Hodi korrugatuak.
Kasu honetan, hodi korrugatuen osaera eta kolokazioa aztertuko ditugu. PVCkoak edo polietilenozkoak izan daitezke, besteak beste, eta gehienbat honako hauetarako erabiltzen dira: eroanbide elektrikoak, telekomunikazioak, zuntz optikoa eta mota askotako beste zerbitzu batzuk.
Hodi korrugatuen diametro ezberdinak ditugu. Obra zibilean gehien erabiltzen direnak 110 mm-ko eta 160 mm-ko diametroak dira, baina 90 mm-ko diametroa ere erabiltzen da, baina, oro har, tarte horretan mugituko gara.
Kanpotik korrugatu batek eta barrutik plastiko leun batek osatzen dituzte, kableatuak sartzea eta igarotzea errazten dutenak. Azken hau baita hodi mota honen helburu ohikoena.
Ezaugarriak:
- Hodi korrugatuaren ezaugarri nagusia elastikotasuna da. Erraz jartzen dira eta erraz tolestu daitezke.
- Erraz askatzen, mozten edo manipulatzen da.
- Arina, garraiatzeko erraza.
- Isolatzailea, hodi elektrikoetan behar bezala jarrita.
Kolokazioa.
Jarraian, behar bezala nola kolokatu ikusiko dugu, bai eta gomendio batzuk ere:
- Zanga zati bat ireki eta babestu. Normalean zanga hauek ez dira oso sakonak ; gehienez 1 ’20 edo 1 ’50 m.
- Kutxatilak jarri; harri-txintxarrezko zolata bat botako dugu, metatu daitekeen ura iragazi dezan.
- Hodien zola 10 cm-rekin hormigoituko dugu zanga irekiaren zati osoan zehar.
- Hodi korrugatuak hormigoi freskoaren gainean jarriko ditugu. Banangailuekin lotu eta emeki-emeki zapalduko ditugu, hormigoi freskoan pixka bat sartuz.
- Emeki-emeki estaltzen dugu 10 edo 15 cm-ko hormigoizko hodi korrugatuen pakete osoa, bat-bateko hesoak saihestuz.
- Azkenik, seinaleztatzeko zinta jarriko dugu, zertarako erabiliko den adieraziz.
- Hurrengo egunean, hormigoia lehortzen denean, zangak estaliko ditugu.
Ondorioz:
Hodi motaren arabera hartu beharreko akzioak ezberdinak dira. Deskribatutako jarraibideei entzuten ez badiegu eta ez badugu behar adinako arretarik jartzen, ondorio negatiboak laster agertuko dira.
Adibideak:
- Urtero, ur- ihesen ondorioz, edateko uraren % 25 eta % 30 artean galtzen da hirietan. Ez al da ikaragarria? Gure etxeetara joan beharko lukeen ur tratatuaren herena edo laurdena bitartean bidean galtzen da. Gehienetan hodiak, lotuneak edo hartuneak behar bezala jarri ez direlako. Agintariek aholkatzen digute, eta zentzuzkoa da, ura aurreztea; ez legoke gaizki ihesak konpontzen hastea eta gure herri eta hirietako hornidura-sareak berritzea, lehenbizi.
- Zenbat aldiz trabatzen dira saneamenduko hodi asko aldapa egokian ez jartzeagatik? Ziurtatzen dizuet ez dela oso lan atsegina saneamendu-hodiak libratzea.
- Zenbat aldiz ikusi ditugu deformazioak eta lurzoruaren hondoratzeak hodiarekin igaro garen lekuetan? Trinkotze txarra, betetze-material desegokia, betetze-fase handiegiak, etab.
Adibide askorekin jarrai nezake, baina uste dut nahikoak direla “hodiak behar bezala jartzearen” garrantziaz jabetzeko.
Eskerrik asko honaino iristeagatik eta artikulu hau eraikuntzara dedikatzen diren pertsonekin partekatzeagatik.
» Lan bat eskuartean urrezko besokoa bezain baliotsua da». (Arabiar esaera zaharra).