Gosaltzeko Ordua

NOLA ERAIKI INPOSTA BAT

 

Inposta

 

 

Gaurkoan, hormigoi armatuzko inposta bat eraikitzeko teknika eta moduak ikasten ibiliko gara.

 

Definizioa

 

Inposta eraikuntza desberdinen bukaerako edo erremateko elementu bat da, eta eraikin horien goiko zonaldeetan dago kokatua. Normalean, enkofratu baten bidez osatzen da, eraikuntza horretatik zentimetro batzu irteten delarik. Adibidez, zubi bat, harri-lubeta bat, hormigoizko horma bat edo harlangaitzezko- harrizko horma baten errematea izan daiteke.

 

 

 

 

 

Bidezubietan eta obra publikoko beste eraikuntza batzuetan hormigoi armatuzko inposta aurrefabrikatuak jarri ohi dira (metalezkoak edo material desberdinetakoak ere izan daitezke).

 

 

Sestra onarekin eta behar bezala lerrokatuta; atzealdetik burdin batzuekin lotuta. Zuntxoa hormigoituz, inposta-unitateak blokean erabat bateratuta bermatzea lortzen dugu.

 

 

Harlanduzko inpostak ere badaude, harrizko eraikuntzen gailurrean erremateak egiteko. Eraikuntza-egituretan aldaketa arkitektonikoak egiteko ere erabiltzen dira, adibidez, lehen solairua eta beheko solairua mugatzeko; harri landuzko inpostak jarri ohi dira, fatxadatik zentimetro batzuk irteten direnak, eraikinari dotoretasun ukitu bat emanez. Eraikinaren goiko aldeetan ere, teilatu-hegalean, harlanduzko inpostak ikus daitezke akaberako elementu gisa.

 

 

 

 

Artikulu honetan in situ eraikitako hormigoi armatuzko inpostak aztertuko ditugu. Goazen lanera.

 

Eraikuntzarako urratsak:

 

  • Markaketa
  • Beheko enkofratua
  • Aurrealdeko enkofratua
  • Armatzea
  • Atzeko enkofratua
  • Hormigoia
  • Desenkofratzea

 

 

* Segurtasuna

 

 

Ezer baino lehen eta dugun hormaren altueraren arabera, 3 metodo hauetako bat erabiliko dugu inposta kofratzean altuera egokian lan egiteko:

  • Altuera txikiko hormak, gehienez 2 m/ Lurretik, asto-kabailete batzuekin edo eskailera batekin.
  • Altuera ertaineko hormak edo eraikuntzak, 2-6 metrokoak./ Aldamioak muntatu eta jartzea, plataforma jasotzailearekin, zestadun garabi-kamioiarekin edo saskidun makina teleskopikoaren bidez.
  • 6 metrotik gorako eraikuntzak. Deskribatutako edozein saskiekin edo eraikuntzaren goiko aldean bizi-lerro bat jarrita irits gaitezke, eta goitik sartu bertara.

 

2 m-tik gorako eraikuntzetan, komeni da beti bizi-lerroa jartzea, babes kolektiboko neurri gisa.

 

Alcupi
( F:Alcupi)

 

 

 

  • Markaketa

 

 

Adibide gisa, harri-lubeta (eskoilera) edo harrizko horma batean inposta bat eraikitzeko prozesua hartuko dugu. Eraiki beharreko inposta markatzeko, emango diogun lodiera jakin behar dugu; gure adibidean 20 cm-koa izango da hormaren luzera osoan zehar; adibidez, 30 m luze eta 0‘5 m-ko zabalerarekin.

 

 

 

Inposta markatzeko, burdintxo batzuk sartuko ditugu hormaren gainaldean, eman nahi diogun akabera-kota adieraziko diguten kordelak lotu ahal izateko. Gure inpostak 20 cm-ko lodiera badu, hormaren gailurra baino ± 15 cm gorago jarriko dugu soka, ala 5 cm harri harrapatzeko inpostarekin.

 

Sestra uniforme bat lortu ondoren, kordeletik beherantz markatuko ditugu lodieran ditugun 20 cm-ko inposta, erran bezala. Arkatz batekin markatuko dugu 5 metrotik behin, eta markak tiralinearekin lotuko ditugu, txukun markatuz. Hortik, beherago berriz marka dezakegu enkofratu-materialaren lodiera, normalean 5 cm-koa izaten dena, marka horren azpitik zulatzeko.

 

  • Beheko enkofratua

 

 

 

 

Ohiko bi modu ditugu inposta beheko aldetik kofratzeko. Hegala 10 cm ingurukoa izango dela kontuan hartuta, jarri behar dugun egurra puntalatuko dugu, metrotik behin puntal batekin edo metro lineal bakoitzeko 18 mm-ko zuloak egin ditzakegu trazatu dugun beheko markaren azpitik; ondoren16 mm-ko burdinak sartuko ditugu.

 

 

Horrela, hegalaren oinarria sortu dugu; puntalekin altuera erregulatzen dugu, puntala estutuz edo laxatuz, eta horrela, nahi dugun kotaraino igotzen edo jaisten dugu enkofratuaren altuera.

 

 

 

Burdinen kasuan, enkofratuaren altuera erregulatuko dugu, hagaxkaren eta egurraren artean sartutako ziri batzuekin, enkofratua kotan uzteko.

 

 

Inposta eta horma lotzeko, abioak ditugu horman sartuta. 16 cm-ko hagaxkak izango dira, metrotik behin 10 cm kanpora irteten direnak.

 

Ondoren, enkofratu-egurra alanbrez inguratuko dugu, eta abio hagaxkei lotuko diogu, enkofratua hormari ondo itsatsita gera dadin. Metrotik behin egitea nahikoa izaten da.

 

 

 

Beti geratzen dira hutsuneak enkofratuaren eta hormaren artean. Poliuretanozko aparrarekin bete ditzakegu eta lehortzen denean, soberakina moztu. Mortero pobre batekin edo zementuzko zakuen paperarekin ere betetzen ahal dira. Horrela hormigoia zuloetatik ez eskapatzea eta horma ez zikintzea lortzen dugu.

 

  • Aurrealdeko enkofratua

 

Akabera-lerroa markatuko dugu; esan bezala, hormaren fatxadatik 10 cm-ra aterako gara, gutxi gora behera. Soka bat botako dugu luzera osoan, eta 5 metrotik behin markatuko dugu arkatzarekin behar bezala, marraztutako lerroa. Azkenik, tiralinearekin markatzen dugu dena egin ditugun markak lotuz.

 

 

50 cm-ko inposta.

 

Aurreko enkofratua osatu ondoren, berenjenoa jarriko dugu, ertzari akabera txukuna emateko. Azpiko eta goiko ertzatan jarriko dugu, erremate ederra sortuz.

 

 

 

 

 

 

  • Armatzea

 

Inpostak, armadura bikoitz bat izango du, 10 cm-ko tartearekin, tarteko sareta batekin. Zabalera neurtuko dugu eta hormigoizko estaldura deskontatuko diogu. Hormigoizko bereizgailuak jarriko ditugu eta dena ondo lotuko dugu hormigoia bota bitartean ezer mugitu ez dadin.

 

 

 

  • Atzeko enkofratua

 

Enkofratua bukatzen ari gara. Aurrealdetik 50 cm-ra (edo nahi dugun neurrira) atzetik enkofratzea baino ez zaigu geratzen hormigoia botatzeko prest izateko.

 

 

 

Normalean, atzeko enkofratua aurrekoarekiko %2 igoko dugu, malda fatxadarantz emateko.

 

 

Enkofratua eusteko aukera desberdinak ditugu: Metrotik behin, sarjentuak jar ditzakegu, aukera azkarrena eta errazena delarik. Horrela eusten diegu bi aldeetako enkofratuei.

 

 

Eusteko beste modu bat latigiloarekin eta estutze-igelekin izango litzateke; edo, besterik gabe, latigiloa tenkatuz, alde bat bestearekin lotuz.

 

 

Inpostaren zabalera oso handia bada, kasu honetan bezala, tirada independiente bat enkofratuko dugu eta burdinekin eutsiko diogu.

 

Azkenik, hormigoia bota aurretik errepaso orokor bat emango diogu eta zuzenduko dugu oker ikusten dena.

 

  • Hormigoia

 

Inposta bat hormigoitzeko, igotzeko sistemaren bat beharko dugu hormigoia kalderoan kamioitik enkofratura garraiatzeko: Garabi-kamioia, makina teleskopikoa, atzerako hondeamakina edo auto garabi bat ere, izan daiteke.

 

 

 

Hormigoia botatzeko prozesua nahiko erraza da. Bota, zabaldu, dardaratu eta konpondu egiten dugu. Talotxatzen ahal dugu, edo bestela, talotxatu eta zementu hautsa gehitu, launarekin luzitu ahal izateko.

 

  • Desenkofratzea

 

 

* Segurtasuna

 

 

Gogora dezagun arnesarekin bizi-lerroari lotuta egon behar dugula goitik lanean ari bagara; enkofratu, hormigoitu eta desenkofratzeko prozesu osoan.

 

Hurrengo egunean, inposta enkofratu dugun alderantzizko moduan deskofratuko dugu. Lehenik eta behin, sarjentuak kendu eta garbitu, baldin badaude. Gero atzealdea. Ondoren, aurrealdea eta, azkenik, hegalaren oinarria.

 

 

 

Modu seguruan, mailakatuan, garbian eta ordenatuan desenkofratzen dugu.

 

 

Azkenik, enkofratuaren eta hormaren artean atera dena txikitzea eta garbitzea geratzen da.

 

 

Horrela amaitzen dugu gure obra.

 

 

Laburbilduz, sestra on bat, lerro on bat, euste-lan txukun bat eta akabera on bat dira eraikuntza-elementu hau behar bezala gauzatzeko gakoak.

 

 

Eskerrik asko honaino iristeagatik eta inposta bat eraikitzen ikasteagatik.

 

 

Eskerrik asko, halaber, COVID garaian esaldi eder bat eman zidan lagun bati, gaurko gaiarekin zerikusirik ez du, baina haren sakontasuna eta argitasuna ikasgai bat izan daiteke guztientzat:

 

 

» Denbora zailek pertsona indartsuak sortzen dituzte, pertsona indartsuek garai errazak sortzen dituzte, denbora errazek pertsona ahulak sortzen dituzte eta pertsona ahulek garai zailak sortzen dituzte.»

 

( Shaikh Rashid Bin Saeed Al Maletoum /      Dubai-ren sortzailea).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu Sare Sozialetan

Erlazionatutako post-ak

Santi Belarra

Zorte handía izan dut. Bigarrena naiz gazteenatik hasita. Baserri batean hazi nintzen gurasoekin, lau anai eta arrebarekin. Nire haurtzaroan beti izaten genituen abereekin edo nekazaritzarekin zereginak, eta batzuetan irri algara artean eta besteetan liskar artean, lanak egiten genituen. Horri esker, oso txikitatik hasi nintzen eskuzko tresnak erabiltzen. Honek eraikuntzaren mundura azkar egokitzera erraztu ninduen.

Kategoriak