90 urte betetzen dira Charles Clyde Ebbets-ek, New Yorkeko Rockefeller Center etxe orratzaren eraikuntzan argazki ikusgarri hau atera zuenetik.
Harrezkero, zorionez, obretako segurtasuna hobetu da.
Sarrera
Gaur ez dut sorkuntza baten edo enkofratu mota baten eraikuntza-prozesua azalduko. Gaur bertze artikulu klase bat idatzi nahi dut.
Eraikuntzako lanetan segurtasunak duen garrantziaz kontzientziatzeko eta mentalizatzeko ikuspegi zuzena helarazi nahi diot langileari.
Horretarako, eraikuntzako segurtasunarekin zerikusia duen guztian, eskarmentu handia duten hiru teknikariren laguntza ezin hobea daukat. Lankide eta lagunak dira eta harreman zuzena dut une oro, obretan izan ohi den edozein zalantzaren aurrean.
Zenbat eta gehiago galdetu pertsona espezializatuei, orduan eta gehiago konturatzen naiz zenbat ikasi beharra daukadan.
Inolako filtrorik gabe hitz egitea nahi dut, lortutako aurrerapenak erakustea eta baita hobetzeko ditugun gabeziak azaleratzea ere nahi dut.
Hasi baino lehen, ESKERRIK ASKO!! Hiruroi.
Beraz, eraikuntzan dagoen gai garrantzitsuenari heldu nahi diot. Izan ere, gure lan egiteko eran segurtasuna alde batera uzten badugu, denbora kontua da gure osasunarekin edo gure biziarekin ere garesti ordaintzea.
Artikulu honekin, ahalik eta pertsona gehienei obraren segurtasunari dagokionez, eragin positiboa sortzea lortu nahi dugu.
Lan hauetan aritzen garen pertsonengan kontzientziazio eraginkorra lortzea, erronka handia da guztiontzat.
Eraikuntzan gaur arte egin dudan ibilbidean, esperientzia desberdinak partekatu ditudan pertsonen profilak ikusi ahal izan ditut. Batzuetan kosta egiten da langilearen buruan sartzea. Batzuekin ondo funtzionatzen du etengabe hobetu beharreko motibazioak. Beste batzuekin, berriz, arauetara, derrigortasunera eta diziplinara jo behar da nahitaez.
Langile asko gaude eraikuntza lanetan:
- Nondik hasita:
Langile gaztea, hasiberria edo ikastuna: Kontzientziatzen errazena dela uste dut. Lan bakoitzaren segurtasun-protokoloak azalduz, hasiberriak azkar barneratzen eta ikasten ditu, ez baitago aurreko esperientziarik. (Betiere pertsona irekia bada, jarrera zuzena eta apala badu, ikasteko borondatearekin). Kasu horretan, arriskurik handiena esperientzia eza izaten da. Horregatik, garrantzitsua da obratik inprobisazioa desagertzea, are gehiago, langile profil honetan.
- Noraino:
Eskarmentudun langilea edo beteranoa.
Badira pertsona benetan jakintsuak, erronka berrietara erraz egokitzen direnak eta benetako irakasle direnak; horietatik asko dugu ikasteko. Baina badira beste batzuk esaldi hauetakoak, maiz entzuten dizkiogunak:
» Bizitza osoan horrela egin dut lan, eta orain pertsona hau etorriko zait neri gauzak nola egin esatera …»
Zaila da buru horretan sartzea eta segurtasun-arauak betetzeko kontzientziatzea. Kasu horietan, beraz, irmotasuna, diziplina eta segurtasun-plana nahitaez betearaztea beste biderik ez dago.
Batzuetan erraza da. Pertsona batzuek obrako segurtasuna dute ohitura gisa barneratua, eta beste batzuek berriz, paso egiten dute aukera txikienean.
Hau arazo bat da. Enkofratzaile ona, makinista ona edo dena delakoa izan daiteke, baina segurtasun-arauak betetzen ez baditu; ez da langile ona izango.
Besterik gabe, sarreratxo honekin, bide emango diet benetan dakitenei; gaur hemen ditudan hiru gonbidatuei.
Elkarrizketa:
Prebentzioaren arloko benetako espezialista batekin hasiko gara. Ibilbide luzea du segurtasun gaietan eta komunikatzaile bikaina da. Lankideak gara, bakoitza bere postuan, eta denbora asko daramagu hainbat obratan esperientzia asko partekatzen. Baina hobe izango da berak, bere burua aurkeztea.
Kaixo Iñigo, agur bero bat eta eskerrik asko http://santibelarra.com -era etortzeagatik.
Santi-
Nor da Iñigo Araiztegui?

Íñigo-
Kaixo guztioi.
Iñigo Araiztegui dut izena, eta Nekazaritza Ingeniari karrera amaitu eta Laneko Arriskuen Prebentzioko masterra egin nuenetik daramat Laneko Arriskuen Prebentzioaren munduan, segurtasun, higiene, ergonomia eta psikosoziologia espezialitateetan, 1999ko urtarrila ezkeroztik.
Segurtasun eta Osasun saileko buru gisa Construcciones Mariezcurrenan sartu aurretik, laneko arriskuen prebentzioko teknikari gisa egin nituen lehen urratsak lan-istripuen mutualitateen kanpoko prebentzio-zerbitzuetan izan ziren (Mutual Cyclops eta Mutua Universal).
Egun batean, kasualitatez, iragarki bat ikusi nuen egunkari batean, eraikuntza enpresa baterako LAPeko zuzendari baten hautaketa iragartzen zuena. Ni, garai hartan, 2003ko urtearen amaieraz ari gara, ez nuen esperientzia handirik eraikuntzaren sektorean, baina aldatzeko gogoa nuen, eta Construcciones Mariezcurrenak aukera hori eman zidan 2004ko urtarrilean kontratatu ninduenean. Ez zait inoiz ahaztuko eraikuntzaren sektorea oso gertutik ezagutzen zuen lagun batek esan zidana: «Nafarroako eraikuntza enpresarik onenean sartuko zara lanean».
Benetan uste dut nire lagunak arrazoi osoa zuela eta, enpresako zuzendaritzari esker, dagoeneko 18 urte baino gehiago daramatzat enpresa-erakunde handi honen Laneko Arriskuen Prebentzioaren kudeaketa gidatzen.
Santi-
Eskerrik asko. Erabat Ados zurekin.
Pertsona asko ari gara eraikuntza munduan lanean, baina langile batzuk beren eraginagatik nabarmentzen dira, besteak beste, lana beraiek antolatzen dutelako eta obraren segurtasuna hobetu dezaketelako gabeziak daudenean.
Nola ikusten duzu obra-arduradunaren irudia?
Íñigo-
OBRAKO ARDURADUNEN LIDERGOA LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNEAN
Azken batean, giza faktoreak eta antolamendu-faktoreak kontuan hartuta, enpresaren maila guztietan banakako eta taldeko portaera seguruagoak garatu nahi badira, bilakaera hori ezin da gertatu obraz arduratzen direnen konpromiso sendorik gabe.
Hain zuzen ere, obra-arduradun baten funtzio tradizionala, bere lana ahalik eta ondoen kudeatzea da, baita jarduerak planifikatzea edo zuzentzea ere. Hala ere, komeni da eginkizun horiei beren ardurapean dauden langileei eragiteko, gidatzeko edo orientatzeko borondatea gehitzea. Azken gaitasun horrek bihurtzen du obrako arduraduna benetako lider. Funtsezkoa da segurtasunaren arloan aurrera egiteko; izan ere, eremu horren barruan ere, obraren arduradunak lidergoa izan behar du nahitaez talde-mobilizazioan, arduradun horrek portaeretan eragiteko gaitasuna baitu, talde seguruagoa bihur dadin. (1. Irudia).
Baina lidergoa ez dagokio soil-soilik obraren arduradunari. Liderrek, hala nola aditu edo beterano jakin batzuek, eragina dute gainerako langileen portaeretan, batez ere, oraindik ohitura txarrik ez duten ikaskide gazteenengan. Eragin hori jerarkiak eragindakoarekin desberdinak eta osagarriak dira, horregatik, segurtasun-baldintzetarako da hain erabakigarria.
Arduradunaren portaerak eragiten du gehien agenteek tokian bertan duten portaeran.
Alde batetik, bakoitzak bere lehentasunak kudeatzen ditu, bere lan-testuinguruaren eta jasotzen dituen mezuen arabera. Oro har, arreta jartzen diozu nagusiari kezkatzen dionari, nahiz eta nagusiak ez dizun eskatzen kontuak esplizituki ematea; beste era batera esanda: nagusiak ez badu interesik eremu batean, aukera gutxi dago gainerako langileek interesa izan dezaten.
Obrako arduradunen segurtasunari buruzko portaerak enpresan zintzilikatzen diren esloganek baino askoz pisu handiagoa duten mezuak dira. Enpresaren barruko segurtasunari benetan ematen zaion balioa erakusten dute, eta langileek eremu horretan jarduteko duten motibazio maila zehazten dute neurri handi batean.
Obrako arduraduna segurtasun-portaeren garapena errazten duten faktoreen gainean jarduteko ahalmena duen enpresako aktorea da.
Segurtasunaren arloko lider bat langileen portaeretan zuzenean jarduten saiatzen da, tokian bertan egonik eta segurtasun-kontaktu bat sistematikoki garatuz, jardunbide egokien ezagutzan, elkarrizketan eta arrisku-portaeren sakoneko kausen ikerketan zentratuta. Era berean, zeharka eragin dezake portaera horietan, erabakigarriak diren giza faktoreen eta antolamendu-faktoreetan jardunez, baina, segurtasun-baldintzetarako ez da hain erabakigarria. Arduradunaren portaerak eragiten du gehien agenteek tokian bertan duten portaeretan. Enpresaren barruko segurtasunari benetan ematen zaion balioa erakusten dute, eta langileek eremu horretan jarduteko duten motibazio-maila zehazten dute neurri handi batean.
Santi-
Ze ongi, Iñigo. Erabat ados azaldu duzunarekin. Etengabeko hobekuntza aplikatu behar dugu esparru guztietan, eta segurtasunaren kultura on horretara bideratu. Askoz hobeto joango zaigu, epe labur, ertain eta luzera begira.
Aurrera egingo dugu elkarrizketarekin, eta orain ongi-etorria emango diogu gure hurrengo gonbidatuari.
Nafarroa eta Gipuzkoa arteko obra batzuetan ezagutu nuen Asier, duela 12 urte. Zehazki, N 121ª errepidea berreraikitzean eta handitzean. Orduko hartan ez genuen ia harremanik izan. Geroago, batera lan egin dugu Gipuzkoako lurretan egindako hainbat obratan.
Bere izaera zorrotza ikusi eta bizi ahal izan dut obrako prebentzioari dagokionez. Gustuko dut daukan figura horren atzean dagoen pertsona ona ere. Horregatik gonbidatu nahi izan dut gaur hona.
Aupa Asier, eskerrik asko etortzeagatik eta zure esperientzia gurekin partekatzeagatik. Mesedez, aurkeztu zeure burua. Nor da Asier Garcia?

Asier-
Eskerrik asko eta agur bero bat guztioi.
Asier García Aurrekoetxea, 48 urte, Bilbo. Segurtasun, Higiene, Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatuko Laneko Arriskuen Prebentzioko goi-mailako teknikaria naiz. Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradua. 2002ko otsailean hasi nintzen Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikari gisa. Bahía Bizkaia Electricidad enpresaren Eraikuntzan eta Martxan Jartzean, Kontratista Nagusiarentzat. Aurretik, peoi eta garabilari lanetan aritu nintzen, Torre garabia, Bizkaiko Etxebizitzen Eraikitzaile eta sustatzaile batean. Kanpoko Prebentzio Zerbitzu baten bidez, Bahía Bizkaia Electricidad enpresan hasi ahal izan nintzen, eta ondoren, Zornotzako Boroako Ziklo Konbinatuko Zentrala eraikitzen eta martxan jartzen. Geroago, kanpoko beste prebentzio-zerbitzu batekin aritu nintzen formazioak ematen. Construcciones Mariezcurrenarekin esleitutako bi tarteren eraikuntzan sartu nintzen arte (N 121A, Behobia- Endarlatsa eta Endarlatsa- Bera). Hemen hasi nintzen errepideko lanetan. Obra horiek amaitu ondoren, N-634 errepidearen III. fasearen eraikuntzarekin lotu nuen Eibarren, krisia iritsi arte. Langabeziako aldi luze bat izan nuen, non gradua amaitzeko eta prebentzioarekin lotutako hainbat ikastaro egiteko aprobetxatu nuen. San Mameseko 2. fasea, Estadioa, nire taldearen tenplua eraikitzen lan egitea lortu nuen arte, EGITURA ABEErako. Esperientzia, maila mentalean, oso gogorra eta desatsegina izan zen. Han inoiz ikusi ditudan garabilaririk onenak aurkitu nituen, eta istripu traumatiko garrantzitsurik ez izatearen arduradun izan ziren.
Gero beste langabezi aldi bat, C. ZUBIEDER-ekin Antzuola- Bergara errepidean hasi arte. Gaur egun C. Zubiederrekin nago lanean.
Santi-
Eskerrik asko Asier.
Zer da zuretzat segurtasuna eraikuntza lanetan?
Asier-
Eraikuntza lanetako SEGURTASUNA, nire ustez, obra bat ondo egin den ala ez erabakitzeko gakoa da. Faktore horrek eragotz dezake obrak porrot egitea. Obra egiten duten enpresak, obra diseinatu duten proiektugileak eta obra sustatu duen sustatzaile publiko edo pribatuari ematen edo definitzen dien plusa, da segurtasuna.
Eraikuntza-obretako SEGURTASUNA EDO PREBENTZIOA dira laneko istripuak edo lanbide gaixotasunak saihesteko hartzen diren neurrien multzoa. Sarritan, ia beti, Eraikuntza Obrak egiten dituzten enpresetan jartzen da fokua. Zalantzarik gabe, norberaren edo besteren konturako langileek jasaten dituzte istripuak. Enpresa-erakunde bakoitzaren atzean maila hierarkikoak edo erabakiak hartzeko prozesuak daude, segurtasunari eragiten diotenak edo eragin diezaioketenak.
Horregatik, artikulu honetan, Santi Belarra nire lagunaren adeitasunari esker, arreta jarri nahi diot, nire ikuspuntutik, askotan oharkabean pasatzen den horri. Istripu bat gertatzen denean, iritzi publikoaren aurrean, ikustezina den horretan. Proiektuen diseinua eta proiektu horietan segurtasunerako eta osasunerako bideratzen den diru kopuru murritzan.
Hedatuko nintzateke faktore psikosozialetan, prebentzioaren arloko prestakuntzaren kalitatean, Administrazioak osasun-segurtasunaren zaintzan izan behar duen rolean, prebentzioaren atzean dagoen negozioan, bitarteko agintarien eta langileen prebentzioa barneratzeko jarreretan, Santik bere sarreran deskribatzen duen bezala. Faktore horietan eta eraikuntza-obra batean segurtasun handiagoa edo txikiagoa egotea eragin dezaketen beste faktore batzuetan. Baina hasierako fasean zentratu nahi dut.
Prebentzio- segurtasuna sortu behar da, eta funtsezko zutabeak jarri behar dira proiektu baten diseinu-fasean, edozein dela ere: futbol-estadio bat, etxebizitza bat, errepide bat, saneamendu-sare bat, edozein eraikuntza dela ere. Hemen ere, eta ez bakarrik exekuzioan, oso urrun gaude nire ustez, obrak egiten dituztenentzako, langileentzako, lan-baldintza duinak edo segurtasun-bermeak finkatzetik.
Oso tristea da obra publiko edo pribatuko proiektuak irakurtzea. Helburu nagusia kostu txikiak erabiliz, obra azkar, funtzional eta estetikoki politak diren obrak egitea. Ez da kontuan hartzen, oso gutxitan bakarrik, lanak egiteko prozesua. Eraikuntzan lan egiten ez duten pertsonen begietara, alde batera utz daiteke zein garrantzitsua den lanak egiteko espazioa izatea, zein estresagarria den goi-tentsioko línea baten ondoan lan egitea, zein gehigarriak diren lur gehiago desjabetu ez den istripu bat gertatzeko aukerak, kaltegarria dena merkea, polita; nagusitzea.
Adibidez, askotan ikusten dugu lur-mugimenduak egiteko tona askoko kamioiek ibili behar duten pista batek inklinazio-portzentaje handiak dituela; izan ere, ez da aurreikusi lursail gehiago desjabetzea, eta ezinezkoa da espazio faltagatik, pistari inklinazioa kentzea. Mingarria da obra-zuzendaritzei eta lan-agintaritzari entzutea beste baliabide batzuk erabil ditzakezula lurrak mugitzeko , horrela, arriskuak gutxitzeko. Tira, mantsoago eta gutxiago kargatuta joan daiteke, tira, pistak sarriago mantendu ditzakezu, lantaldeei prebentziozko mantentze-lanak egiten al dizkiozu, gidariei prestakuntza gehiago eman diezaiekezu eta abar. Beti gehiago egiten ahal da istripu bat gertatu denean, ziur beti zegoela zer hobetua! Baina proiektuak idazten dituztenekiko exijentzia-maila, Administrazioan oniritzia ematen dutenena, lanak egiten dituzten enpresekin izaten denaren antzekoa balitz, istripu hilgarri askoz gutxiago izango liratekeela ziurta dezaket.
Proiektuan eta obra-zuzendaritzetan azaltzen diren baldintzatzaileek eskatu ohi dituzten horiek, askotan zaildu egiten dute segurtasun-neurririk onenak gauzatzea edo ezartzea.
Horri gehitzen badiogu 20 urteko Prebentzio Teknikari gisa lan egin dudan urte guztietan, proiektu handi, konplexutasun eta garrantzi handiko obretan gainera; ikusten duzula prebentziora bideratzen den azterketa- edo diseinu-fasean askoz ere diru gutxiago inbertitzen dela obra gauzatzeko errealitatean inbertitzen dena baino, batez ere obra publikoan, eta, gainera, normalean arazo asko izaten dituzula inbertitutakoa kobratzeko, nahiz eta oso justifikatuta egon, ba…
Segurtasuna, behar bezala egindako prebentzioan, inbertsio bat da. Inbertsio horrek kostu bat dauka, behar bezala kuantifikatu behar dena, eta justuki ordaindu behar dena, ez gehiago eta ez gutxiago. Nire ustez, mezu hori obra-zuzendaritzek eta administrazio publikoek ere barneratu beharko lukete.
Esan dezaket arraroa dela prezioak eguneratuta dituzten obrak ikustea, ez bakarrik NBEetan, babes kolektiboetan, langileen orduko prezioetan, etabar. NBEak, babes kolektiboetan, Segurtasun Brigadako langileen orduko prezioetan, seinalisten preziotan, hitzarmenak ezartzen duenaren oso azpitik gelditzen dira. Gutxitan bideratzen da obra publikoetan segurtasunera eta osasunera exekuzio materialaren aurrekontuaren % 1 baino gehiago.
Santi : Niretzat, segurtasuna DENA da obra batean, beste batzuentzat aldiz, guztion diruarekin diseinatu eta definitutako obra batean, % 1a besterik ez da segurtasuna.
Santi-
Hausnarketa bikaina.
Ostras Asier, ideiarik ere ez nuen kontu horietaz. Eskerrik asko zure ideia argi horiek azaleratzeagatik eta eman diguzun informazio guztiagatik.
Aurrera jarraituko dugu, berriz ere Iñigorengana joango naiz, ea zer erakusten digun oraingoan.
Lehengo egunean deitu nion galderatxo bat presta zezan eta ea…
Iñigo, zer da zuretzat funtsean, obra bateko segurtasuna?
Íñigo-
Lehengo egunean Construcciones Mariezcurrenan gehien estimatzen dudan pertsonetako baten telefono dei bat jaso nuen. Nire lankide Santi Belarra zen, eta eraikuntza-obretako lan arriskuen prebentzioa kudeatzeko orduan niretzat gauzarik garrantzitsuenak zirenari buruzko hitz batzuk idaztera gonbidatu ninduen.
Ba, esan eta egin, Construcciones Mariezcurrena taldean Segurtasun eta Osasun Saileko buru gisa 18 urte pasatxo eman ondoren, Laneko Arriskuen Prebentzioaren kudeaketan nire ustez zer nabarmendu behar den kontatuko dizuet.
Eskerrik asko Santi sortu duzun blog zoragarri honetan parte hartzera gonbidatzeagatik!!!!
Prebentzioan egindako lana sortzailea eta motibatzailea da, alderik positiboenean. Bere alderik negatiboenean berriz, istripu bat gertatzen denean ahalegin guztia eklipsatu egiten denaren handicap-a dauka. Eta hau oso gogorra da. Bokazioa izan behar da jarraitzeko, jokoan dagoena asko baita: zure lankideen osasuna eta bizitza. Nik esan ohi dudan beste esaldi bat prebentzioa «lasterketa bat dela, eta zenbat eta korrika gehiago egin, orduan eta urrunago dagoela helmuga». Izan ere, lortutako lorpen bakoitza, sartutako hobekuntza bakoitza, guztiak hartuko dituen justizia soziala eskuratzeko bidean beste urrats bat baino ez da.
Gaiari helduz, bi irudi oso grafiko hauen bidez erakutsi nahi nizueke , nola izan den eraikuntzaren bilakaera eta norantz bideratu behar ditugun hemendik aurrera segurtasun- eta osasun-arloko ahaleginak.
Enpresaren faktore teknikoetan(instalazioak, makineria, lan-ekipoak, erreminta, babes kolektiboak eta banakakoak)bete-betean lan egin den 18 urteko iraupen-lasterketa baten ondoren, eta langileen prestakuntzan ere denbora eta diru asko inbertitu den arren, uste dut dagoeneko giza faktorea lantzeko fasean gaudela. Antolakuntzaren barruan banakako eta taldeko portaerak hobetuz, gauzak ondo egin nahi ditugu eta denbora asko beharko dugu KULTURAREN zimenduak sortzeko.
Pertsonen portaerak hobetu daitezen, urteetan zehar hartu ditugun ohitura txarrak aldatu beharko ditugu, LAN-EREMU OSASUNTSU bihur daitezen. Behin betiko baztertu behar da, adibidez, langile askok duten uste mugatzaile hori, hau da, prebentzioak denbora kentzen didala ekoizteko orduan. Hori pentsatzen baduzu, profesional txarra zara, punto.
OHITURAK ALDA AL DAITEZKE??
Ohiturek gure eguneroko portaeren % 40 osatzen dute gutxi gorabehera.
Argi dago BAI alda daitezkeela hartutako ohiturak. Bi modutara egin daitezke:
- Makila, polizia-lana eta araubidea oinarri hartuta. (Ez da eraginkorra epe luzera.)
- Berezko motibazioagatik, norberak hobetu nahi izatea, onena eman nahi izatea, norberaren aurkikuntzaren bidez lagundu nahi izatea eta ez inposaketaren bidez.
Prozesu garestia da eta hasieran pazientzia, deserosotasuna eta iraunkortasun-aldiak ditu. Arrakasta = Ohiturak = Errepikapena = Diziplina
Eta ohiturak errepikapenak barneratuz hartzen dira, zeregin bera behin eta berriz eginez. Horretarako, funtsezkoa da egin behar dena aitzakiarik gabe egitea, nahiz eta gogorik ez izan, nahiz eta deserosoa izan.
Praktika guztiak xurgatzen dira praktikatuz, praktikatuz eta praktikatuz.
Nahi duguna ez dator beti bat behar dugunarekin.
Ohitura sortu eta egunero egin beharko duzu. Gogoz sentitzen zaren egunetan eta gogorik ez duzun egunetan. Berdin dio asko, gutxi edo erdizka nahi duzun. Egizu eta kitto. Agian, ez zaude beti motibatuta egongo, baina hori ez da aitzakia.
Gure eguneroko portaeran aldaketa osasungarriak sartzen ditugunean eta ohitura bihurtzen direnean, automatikoki mantendu ditzakegu. Gogoratu: konpromisorik ez dagoen tokian, ez dago arrakastarik. ETZAIT AXOLA ZENBAT DAKIZUN. ARRAKASTAREN % 90 BERRIZ SAIATU ETA TEMATZEA DA.
Lan-ohituren aldaketak lotura estua du pertsonek dugun JARDUERArekin. Hobetzeko, aurretik egindako gauzak aldatu behar dira. Hobeki egin daitezkeela dakidan hoiek, eta horretarako, aldaketarekiko jarrera positiboa izan behar da. Jarrera da garrantzitsuena, aldatu nahi izatea, hobetu nahi izatea.
GOGOETA EGITEKO IDEIA GARRANTZITSUAK:
- DENAK OSO GARRANTZITSUAK GARA ERAKUNDEAN. MOTOR BATEN PIEZAK BEZALAKOAK GARA, ETA BATEK HUTS EGITEN BADU, MOTORRA EZ DA ABIATZEN. ERAIKUNTZA-OBRETAKO LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOKO BENETAKO TRAKTOREAK ARDURADUNAK DIRA.
- LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA HOBETU EGINGO DA GUTAKO BAKOITZAK EGITEN DITUEN GAUZA TXIKIENGATIK. NIRE ESKU DAUDEN GAUZENGATIK, NIK JARRERA POSITIBOA IZAN DEZAKEDANENGATIK, NORBERAREN BARNE-USTE ETA MOTIBAZIOTIK ABIATUTA; IZAN ERE, KANPOKO INPOSIZIOEKIN, EPE MOTZEAN GAUZAK LOR DAITEZKE, BAINA ZAILA DA DENBORAN IRAUNGO DUTEN OHITURAK ALDATZEA.
- NORBANAKOAREN JARRERA FUNTSEZKOA DA PORTAERAK HOBETZEKO ETA HARTUTAKO OHITURA TXARRAK ALDATZEKO.
- PREBENTZIOAK DENBORA KENTZEN DIDAN USTEA BAZTERTZEA.
- PRODUKZIO-PROZESUAN LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA BARNE HARTZEN DUTEN LANAK PLANIFIKATZEA. INPROBISAZIOA OSO AHOLKULARI TXARRA DA.
- ENPRESAK ARAUAK BETETZERA BIDERATZEA ERDIPURDIKO BERMEA DA. ENPRESAK ARAUAK BETETZERA BIDERATZEA ERDIPURDIKO BERMEA DA. GAUZA BERA EGITEN JARRAITZEN BADUZU, EMAITZA BERA LORTUKO DUZU. EZ BADUZU EZER ALDATZEN, EZ DA EZER ALDATUKO. AUTOKONPLAZIENTEAK EZ IZATEA. INERTZIAK GAINBEHERA DAKAR.
- ZURE USTEAK ALDATZEN BADITUZU, EGITEN DUZUNA ALDATZEN DUZU. ZORIONTZEA DA
- MOTIBAZIOAREN LEHENENGO ITURRIA. AHALEGINTZEAGATIK ZORIONTZEA.
- BIZITZAREN HELBURU NAGUSIA EZ DA EZAGUTZA, EKINTZA BAIZIK. JARRERAK EKINTZARA ERAMATEN GAITU.
- LANGILEAK PRESTATU ETA JOATEA BAINO ZERBAIT OKERRAGOA DAGO, HAU DA, EZ PRESTATU ETA GERATZEA.
- BALDIN BADAKIZU ZURE EGINKIZUNA ZEIN DEN ETA EZ BADUZU EGITEN, LEHEN BAINO OKERRAGO ZAUDE.
Azkenik obra bat, handi egiten duten xehetasunak erakutsi nahiko nituzke:
HORRA AMAITZEKO, AUKERA DUDAN GUZTIETAN GOGORATZEA GUSTATZEN ZAIDAN ESALDI BAT:
GUZTIA EZTA OSASUNA, BAINA OSASUNA GABE, BESTE GUZTIA EZ DA EZER.
Santi-
Iñigo, ez dakit erantzun bat hobeto biribildu daitekeenik. Ederra, besterik gabe. Asko gustatu zait zure azalpena eta zure filosofiarekin erabat, bat nator.
Eskerrik asko.
Eraikuntzako segurtasunari buruzko elkarrizketa sorta honekin jarraituko dugu.
Gure hurrengo protagonistak Joxean du izena eta aspalditik ezagutzen dut, herritarrak baikara. Obretan bizitako esperientziak komentatzea eta horietan sar daitezkeen hobekuntzak azpimarratzea gustatzen zaigu.
Joxean LAPeko langileen prestatzailea da. Hamaika hitzaldi emanak ditu arlo honetan.
-Ongi etorri http://santibelarra.com
– era.
Nor da Joxean Miguelena?

Joxean-
Aupa Xanti, eskerrik asko zure blogera gonbidatzeagatik.
Kanpoko Prebentzio Zerbitzu batean nabil lanean eta Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria naiz duela 14 urte inguru. Nire enpresan, enpresa pribatuentzat eta administrazio publikoentzat lan egitea egokitzen zait. Horrek ikuspegi zabal xamarra ematen dit lantzen ari garen gaiari buruz.
Nire zeregin nagusia, Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloan enpresetako langileak aholkatzea, laguntzea, orientatzea eta gidatzea da. Horretarako, hainbat sektoretan lan egin behar dut, hala nola industrian, eraikuntzan, zerbitzuetan etab. Alaber hainbat profesionalekin ere lan egiten dut (Iñigo eta Asier, besteak beste), eta horrek etengabe aberasten ditu nire ezagutzak.
Santi-
Eskerrik asko.
Beste gonbidatuei egindako galdera bera egingo dizut. Zer da zuretzat obra bateko segurtasunean garrantzitsuena?
Joxean-
Obra bateko segurtasuna niretzat hau izango litzateke: Lan egiteagatik gure osasunak inolako kalterik jasan ez dezan, langile guztiok dugun eskubide bat.
Horretarako, obran elkarrekin bizi diren eragileek (sustatzaileak, obra-zuzendariak, kontratistak, azpikontratistak, hornitzaileak) prebentzio-neurri batzuk hartzen dituzte. Kalte hori gure osasunean eragin dezaketen arriskuak saihesteko eta ezinezkoa bada, kalte hori minimizatzeko edo kontrolatzeko.
Nire ikuspuntutik, oso garrantzitsua da lan-arriskuaren definizioa bereziki azpimarratzea, laneko kaltea beti etortzen baitzaigu burura. Istripuak (ebakiak, kolpeak, altueratik erortzea, erredurak), baina laneko gaixotasunagatiko kaltea ere badago.
Azken kontzeptu hori ez da hain ezaguna, baina horrek ez dio kentzen bere garrantzia, lan egite hutsagatik har dezakegun gaixotasun bat baita; horren adibide dira gorreria profesionalak, silikosia, asbestosia eta abar.
Santi-
Ez nuen horrela pentsatu inoiz. Segurtasuna langilearen eskubidea da. Askotan, eta langile askori ezarritako betebehar inposatu bat iruditzen zaigu dela.
Egia da, epe luzera ateratzen diren sekuelei edo lesioei buruz diozuna. Ez digu berehalako lesioak bezala kolpatzen. Ez dugu ikusten laster etorriko den etorkizuneko gure burua kondenatzen ari garenik.
Eskerrik asko Joxean, artikulurako ekarpen ederra eman diguzu.
Itzul gaitezen Iñigorekin, zu ezagututa badakit beste zerbait gehitu nahiko zenukeela.
Ala al da?
Íñigo-
Kultura prebentiboa sortzen duen iturria langileen iritzia da.
Integrazio egokia lortzeko, kontuan hartu beharko dugu hartzaileek zer pertzepzio duten segurtasuna eta osasuna sustatzera bideratutako prebentzio-ekintzez. Lan-arloan, beste hainbatetan bezala, gakoetako bat lanpostu bakoitzean gure eguneroko lana egiteko erabiltzen dugun jarrera eta prebentzio-arloan hartzen dugun jarrera da.
Laneko segurtasuna kudeatzeko sistema eraginkorrak.
Iritzi hau gabe, zikloa ez dago osatuta. Ezin dugu pentsatu laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko sistema bat eraginkorra denik langileek ez badute sumatzen beren enpresa leku segurua dela. Ezta zuzendaritza laneko segurtasunaz eta osasunaz arduratzen dela sumatzen ez badute ere.
Erakunde batean hartzen diren prebentzio-neurri guztiak ez dira eraginkorrak izango langileek onartzen ez badituzte. Kasu askotan, neurriak betearazten dira, hartzaileek haietaz duten pertzepzioa kontuan hartu gabe eta eraginkortasuna izugarri murrizten da.
Segurtasun-kultura enpresan/Kultura Prebentiboa.
Langileek onartu eta partekatu behar dute laneko segurtasun eta osasun-sistema, enpresan segurtasun-kultura egon dadin. Sistemak ez du inposatutako zerbait izan behar, partekatua baizik. Hori ezin da inoiz lortu langileek beren enpresaren segurtasunari eta osasunari buruz duten pertzepzioa ezagutu gabe.
Langileen parte-hartzea funtsezko zutabea da enpresaren prebentzio-kultura eraikitzeko eta horretarako antolakundeak portaera-giro ona sortu behar du.
Prebentzio Kultura Integratua.
Erakunde batek prebentzio-kultura integratua izan dezan, beharrezkoa da langileak zuzendaritzak ezarritako politikekin lerrokatuta egotea. Zuzendaritzak hartutako konpromisoa benetakoa eta eraginkorra dela sentitu behar dute langileek. Esaten denaren eta egiten denaren artean kongruentzia egon behar du.
Langileek enpresaren segurtasun-sistemarekin pozik daudela adierazten badute, sistema funtzionatzen ari dela eta norabide onean doala baieztatzen ahal dugu. Bestela, fikzio bat bizitzen aritu izango gara, gure sistema eraginkorra dela pentsatuz, benetan horrela izan ez denean.
Santi-
Eskerrik asko Iñigo, hainbestetan falta zaigun koherentzia-puntu hori gehitzeagatik. Espero dut, halaber, esandako guztia obran islatzen jarraitzea.
Bukatzeko:
Joxean-
Nabarmendu nahiko nuke urte guzti hauetan kanpoko prebentzio-zerbitzu batean lan egin ondoren, Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloan aurrerapauso handiak eman direla.
Lanean hasi nintzenean, laneko arriskuen prebentzioa ezezaguna zen, eta askotan, “txorrada” edo “txorakeria” hitzak entzuten nituen; gaur egun, lan-harremanak erabat aldatu dira, bai eta gure lanpostuko langile guztiok dugun kontzientzia ere aldatu da.
Denboraren poderioz prebentzio-arloan lortu den kontzientziazio hori, neurri handi batean, laneko arriskuen prebentzioari buruzko etengabeko informazioaren eta prestakuntzaren bidez lortzen ari garen ezagutzari zor zaio, egunerokoan eskuratzen ditugun trebetasunen bidez eta batez ere, lan-harremanetan parte hartzen dugun pertsona guztien jarreraren bidez.
Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, beste hainbatetan bezala, lanpostu bakoitzean gure eguneroko lana egiteko dugun jarrera eta prebentzioaren arloan hartzen dugun jarrera dira funtsezkoak. Jarrera hori positiboa izan daiteke, ikasteko eta aurrera egiteko jarrera, edo ukatzeko eta kexatzeko jarrera negatiboa ere izan daiteke.
Honekin batera hor doakizue bideo bat, azken mezu hori oso argi laburbiltzen diguna. Gaztelaniaz dago baina pena merezi du ikusteak.
Asier-
Santi, zure sarreran esaten zenuen errazagoa dela gazteei irakastea eta, era berean, errazagoa dela prebentziozko beste kultura bat barnera dezaten. Horrek itxaropena eman behar digu, lan-istripu eta lanbide-gaixotasun gutxiago egon daitezen; oro har, lan-baldintzak hobetu daitezen.
Horri heltzen diot. Orain asko dugu egiteko. Baina jasanezina da edozein herrialderentat horrela aurrera egitea, hainbeste eta hainbeste lan-istripu hilgarri egonta.
Uste dut hainbat eremutatik hasita, hezkuntza barne, hainbat balio bultzatu beharko liratekeela; bizia erabaki-hartze guztien erdigunean jartzeko.
Ametsa edo ametsgaizto? Ez dago etorkizun duinik, langile bat saihestu daitezkeen arrazoiengatik, obra batean hil dela jakinez esnatzen garenean.
Egunez egun hobetzeko itxaropenari heltzen diot.
Etorkizuna gure esku dago, eta ezin dugu inondik inora onartu guri erasotzea arlo honetan.
Íñigo-
Santi, eskerrik asko Construcciones Mariezcurrenaren barruan dugun lan-filosofia erakusteko aukera emateagatik.
Nahi duzun informazio guztia emango dizugu, nahi duzunean.
Gauza bat argi dago, badakigu zer egin behar dugun osasuntsu erretiratzeko, ba egin dezagun, ez dago aitzakiarik!!!!.
Laster arte!!!!
Santi-
Plazerra izan da hainbeste jakituriaz inguratzea. Eskerrik asko hiruroi!!!
Eskerrik asko eraikuntzaren kultura sustatzen laguntzeagatik.
Espero dut irakurleek irakurtzen gozatu izana, nik artikulu hau idazten hainbeste.
Eskerrik asko honaino iristeagatik, asko ikasi izana espero dut.
Horra hor beste opari batzuk; segurtasunari buruz asko aurkitu ditut eta:
–Segurtasuna ez da tramankulu bat, gogoaren egoera bat da.
-Eleanor Everet.
– Pertsonarekiko eta haren segurtasunarekiko kezkak izan behar du beti ahalegin guztien interes nagusia.
-Albert Einstein.
– Zu salbatzea baino garrantzitsuagorik eztago ezer niretzat. -Markelle Grabo.
-Besteen ongia segurtatu nahi duenak bere ongia segurtatuta dauka.
-Konfucio.