Sarrera.
Gauza txikiak ongi egin ezkero, emaitza haundiak etortzen dira gero.
Gure ogibide hau zuhaitz zabal bat da, adar asko edatzen dira bertan eta lurpean ere, enkofratuen mundua, izugarri sakona da.
Bizitzan bezala, gure lanbidean ere gauzak egiteko modu asko daude eta lanbide honetan enkofratzaile bakoitzak bere teknikak ditu enkofratzeko eta eraikitzeko. Baina badira gako edo oinarri unibertsalak, enkofratzaile guztiok erabiltzen ditugunak, horren jakitun izan ala ez.
Hala ere, nik ez dut gauzak nola egin behar diren erran nahi. Bakoitzak bere bidea egin behar du eta bere teknikak landu. Nik neri funtzionatzen didana azaltzen dut, urteetan zehar artutako esperientziari esker ikasitako teknikak dira denak.
Hemen, gauzatzeko errexak diren, enkofratzeko modu eraginkor batzuk ikus ditzakezue. Eraikuntzaren munduko oinarrizko kontzeptuak azaltzeko, oso ongi datozen esaldi batzuen laguntzarekin ilustratzen saiatuko naiz.
Izugarri gustatzen zaizkit aintzinako ( eta oraingo) maisuek egindako esaldi ederrak.
1.-Gakoa
“Nire akatsak gustatzen zaizkit, ez diot uko egin nahi huts egiteko askatasunari”. (Charles Chaplin).
“Porrot bakoitzak ikasi beharreko zerbait erakusten dio gizonari”. (Charles Dickens)
Nire lanbidean akats ugari egin ditut enkofratzeko eta eraikitzeko orduan. Bidean egiten ditugun akatsak ezinbestekoak dira eta aldi berean, behar-beharrezkoak beraiekin ikasteko.
Garrantzitsuena da akats handienak eta okerrak gure ikaskuntzaren hasieran egitea, nahiz eta gero ere egingo ditugun, bai edo bai.
Kalitatean eta produktibitatean bakarrik dauden bitartean, ez da ezer gertatzen, onartu behar eta pixkanaka hobetuko ditugu denborarekin.
Bidean aurrera egin ahala hobetuko dugu gure lana. Praktika artuz eta ohitura onak indartuz.
Baina onartezinak diren akatsak segurtasunari eragiten diotenak dira. Izan ere, ondorioak oso larriak izan daitezke. Alde horretatik oso diziplinatuak izan behar dugu eta gure esku dagoen guztia egin arriskuak gutxitzeko.
Okerrena da istripuak gertatzen direla eta gertatuko direla, zoritxarrez.
Besterik gabe, goazen enkofratzera.
2.- Gakoa
“Zure irudimenak amaieratik hasita, pentsatzeko ahalmena ematen dizu. Ez dago amaieratik hasita pentsatzen duena geldiarazteko modurik “. (Wayne W. Dyer, El poder de la intención.)
Amaieratik hasita pentsatu behar dugu, hortik, gure eraikuntza berria osatuko duten lanak deskribatu eta azken emaitzaraino eramango gaituzten egitasmo guztiak argi edukiz.
Planoak ikusi behar ditugu (daudenean), eta obra amaitua ikusi edo proiektatu buruan enkofratuarekin hasi aurretik:
1- Proiektua. Zer eraiki behar da?
– Topografia. (Behar izanez gero).
– Zer enkofratu mota behar den.
– Erabiliko dugun metodoa erabakitzea.
– Eraikuntzak ekar ditzakeen arriskuak eta horren ondorioz hartuko ditugun prebentzio-neurriak ebaluatzen ditugu, bai banakakoak eta bai kolektiboak. (Segurtasun-plana).
2- Azken emaitza.
– Pentsatu eta proiektatu nola geratuko den obra amaituta, xehetasunak, amaiera eta erremateekin.
– Pentsatu eta proiektatu zure buruan zure enkofratua guztiz eutsia eta amaitua.
– Ikusi armadura erabat jarrita eta lotuta.
Garrantzitsua da dena muntatuta ikustea hasi aurretik; izan ere, horrela badakigu norantz jo uneoro, materiala eskatzea errazten du eta sor daitezkeen arazoei aurrea hartzen diegu.
3- Materiala.
– Eskaera egiteko, enkofratzeko erabiliko dugun material guztia idatziko dugu. Behar den materialaren 1/5 gehiago idatziko dugu beti; ziurtatzen dizuet azkenean erabiliko dugula.
– Armadura. (Normalean, obraren bolumenaren arabera, obraburuaren lana izango da).
4- Jarraitu behar ditugun ekintzak planifikatu eta idatzi. Plangintza, antolaketa eta programazioa. (Obraren bolumena handia bada, enkofratzailearen eta obra-buruaren arteko lana izango da, berak, Gantten diagrama egin dezan, adibidez).
– Helburu argiak eta lorgarriak dituzten mugarriak ezarriko ditugu.
– Adibidez:
– 1.- Materialak uzteko, aldageletarako eta txaboletarako gunea prestatzea. (Hasierako eta amaierako data)
– 2.- Indusketa. (Hasierako eta amaierako data)
3.- Garbiketa-hormigoia. (Data)
– 4.- Zapatak. (Hasierako eta amaierako data)
– 5.- Zutabeak. (Hasierako eta amaierako data)
– 6.- Eta abar…
– Lana planifikatu eta plana landu, egunero. Honek denbora asko aurrezten dizu eta lehentasunezko helburuetara bideratzen zaitu zuzenean.
“Denek dugu plan bat, aurpegia hausten dizuten arte”
(Mike Tyson)
5.- Ekimena.
– Ekin eta jarraitu urratsez urrats egitasmo planari, diziplina, konpromiso eta txukuntasunarekin.
6.- Bidea.
– Ekin, jardun eta ikasi eraikuntzarekin, egunero.
– Gozatu zure sorkuntzaz eraikitzen ari zaren bitartean.
– Dena tinko eutsi eta enkofratu sendo eta fidagarri bat eraiki.
– Begiratu arretaz zure enkofratua hormigoia botatzen duzun bitartean.
– Modu mailakatu, garbi eta ordenatuan askatu edo deskofratu.
7.- Amaierak.
– Erremateak, txukuntzea, etab.
– Materiala jaso eta entregatzea.
8- Lana bukatu.
- Lana txukuntasunez amaitu. Frustragarria da amaitu gabeko edo gaizki amaitutako lan bat ikustea. Akaba ezazu! Lana bukatzea ez da bakarrik tokatzen zaigun eraikuntza bukatzea. Ingurua egokitu eta garbitu behar dugu, dena egoera ezin hobean uzteko.
Hau litzateke egokiena. Batzuetan, hainbat gauza medio, ez dugu aukeratzen deskribatu ditugun urratsetako batzuk behar bezala betetzea.
3.- Gakoa
Emaidazu euskarri bat eta mundua mugituko dut. (Arkimedes)
Arkimedes, K. a. 2250 inguruan bizitako zientzialari eta asmatzaile bat izan zen. Esaldi hau irakurri nuenean, enkofratzaile handia izan zitekeela pentsatu nuen, bertze gauza askoren artean. Enkofratuen munduan Arkimedesen baieztapen hori oinarria baita.
Guztiaren hasiera.
Enkofratu batean, dena berme-puntu batekin( edo batzuekin) hasten da; oinarri sendo bat, heldu edo eutsi ahal izateko gure eraikina.
Oinarri hori existitzen ez bada, egin beharreko eraikinaren arabera, guk sortuko dugu:
- Garbiketa hormigoi bat bota edo zolata bat eginez, eraikuntzarekin bat egin ahal izateko. (Adibidez: zapatak, hormak, zutabeak, etab.)
- Hainbat euste-puntu jarriz. Adibidez, harkaitzean edo hormigoian burdinazko barra batzuk sartuz, tenkailuekin lotu ahal izateko, igeletatik (kofratzeko ranak) enkofratura. (Hegalak, zubiak, etab.)
- Zurezko plataforma bat sortzea, tableroen eta puntalen bidez. ( Balkoiak, forjatuak, etab.)
- Harri-zaborrarekin oinarri sendo bat sortzea. (Bideak, plantxak, hormigoi leunduzko zoladurak, etab.)
Puntu hortatik abiatuta, komeni den guztia planteatu, neurtu, markatu, kalkulatu, pentsatu eta gauzatu dezakegu.
4.- Gakoa
“ Ahal bezain erraza egin, baina ez errazagoa”.
(Albert Einstein).
Batzuetan, enkofratzeko metodo okerra aukeratzen dugu. Bide horretatik jarraitzen dugu eta horrek konplikazio gehiagotara garamatza, nahiz eta jakin ez gaudela zuzen, jarraitu egiten dugu; ondorioz obra ez da ondo geratzen eta gainera, denbora asko galtzen dugu.
Kasu horietan, onena, lehenbaitlehen zuzentzea izango litzateke, hautu okerra aitortu eta ekintzari ahalik eta modu errazenean eta sinpleenean ekinez.
“Ezin duzu atzera egin eta hasiera aldatu, baina zauden lekuan hasi eta amaiera alda dezakezu”.
(C.S. Lewis.)
Baina beste batzuetan, tripus- trapus, dena erraz eta azkar egiten dugu. Hor ere enkofratuak “katakrak” egin diezaguke eta koloreak atera. (Presak edo gehiegizko konfiantza medio).
Batzutan enkofratu sofistikatuak daude, eraikuntza konplexu edo delikatuetan erabiltzen direnak. Obraren arkitekto edo ingeniariaren gainbegiratze zehatza eskatzen dute, hormigoiaren karga eta presioei buruzko kalkuluak eginda baitituzte. Kasu horietan, pausoz pauso jarraitu behar ditugu gomendatzen dizkiguten muntaketa-jarraibideak.
5. -Gakoa.
“Buru orekatua eta barea indartsua da; buru asaldatua eta estresatua ahula da. “ (Wallace d Wattles.)
Esaldi hau enkofratuetara eramango dut, nahiz eta Bere horretan ere esan-nahi itzela daukan; gutxi gorabehera horrela geratuko litzateke:
“Enkofratu orekatu eta egituratu bat indartsua da; zalapartaka eta azkar egindako enkofratu bat ahula da”.
Batzuetan, korrika egiteko makinak gara, eta oiloak bezala goaz bururik gabe hara eta honera, eta ez dakigu nora goazen. Presak, presak eta presak; ez!!!
Eta bihar bihotzekoak ematen badigu?
Bene-benetan, bihar joango banaiz, nahiago dut gaur gustura lan eginta joatea. Gainera gustura banago, bihotzekoak emateko aukerak asko jaisten dira.
Ez gara konturatzen plangintza on batekin eta modu ordenatuan lan eginez askoz seguruago lan egiten dugula eta gehiago aurreratzen dugula…
– Segurtasun gehiago.
– Ordena eta garbitasun gehiago.
– Harmonia gehiago = Ilusio gehiago = Motibazio gehiago.
– Fidagarritasun handiagoa enkofratuan.
– Produktibitate handiagoa.
– Azken emaitzaren kalitate hobea.
Uste dut ez dagoela zalantzarik zein den lan egiteko modurik egokiena. Planik gabe korrika egin nahi duenak, egin dezala, inprobisatzen egongo da askotan eta leku berean bueltaka ibiliko da.
“Plan bat duenak badaki nora doan, planik ez duena galduta dago; nora zoaz?”
(Xanti Belarra)
Enkofratuak estetikoki ondo geratzea gustatzen zait. Enkofratuak hobeto lan egiten du saihetsak ondo banatuta eta modu orekatuan daudenean. Hobeto banatzen da pisua eta hormigoiak egiten duen presioa antzekoa da puntu guztietan.
“ Indarra batasunak egiten du. “
Forjatuetan antzeko zerbait gertatzen da. Oso garrantzitsua da puntalak modu orekatuan banatuta jartzea. Zutik zuzen eta bertikalki jarri behar ditugu, behar bezala lan egin dezaten. Normalean, mekanoarekin, jarri behar ditugun lekuak etortzen zaizkigu markatuta eta ez da arazorik izaten forjatu arruntetan. Forjatua lodiera handiagokoa denean, puntalen kantitatea gehitu behar dugu, beti estrategikoki banatuta, pisua partekatzeko.
Horma edo pareta bertikal bat, aurpegi batekoa adibidez, baldin badugu, gogor eutsi beharko diogu oinarriari. Hor jasango du presio gehien enkofratuak. Gero, gorago puntalatzean, jartzen dizkiogun puntalek ez lukete inoiz 45º-ko inklinazioa gainditu behar, indarra behar bezala egiteko; izan ere, enkofratua puntalatu beharrean, altxatzen ahal dugu, eta hori oso arriskutsua izan daiteke hormigoia botatzeko orduan.
Beraz, 60 graduko edo gehiagoko inklinazioarekin jartzen badugu puntala, enkofratua zutik eusteko edo zuzentzeko izango da soilik; inoiz ez puntalatzeko.
Oreka, oreka eta oreka.
6. – Gakoa.
“Nire formula hau izan liteke: amets egin, ondo pasa eta detaileak ez galdu. “
(Walt Disney)
“Lorpen handiak detaile txikiz osatuta daude. Dena lortzen arrakasta dutenek arreta handiz zaindu dute zati ñimiño bakoitza. Huts egiten dutenek ezikusiarena egin dute edo arinki hartu dituzte. “
(Han Shan.)
Batzuetan, ez dut erraten erraza denik, baina detaileak oso garrantzitsuak dira eta kalitate-plus bat ematen diete gure enkofratuei. Askotan, bere berenjenoarekin akabera ona eta ondo txukundua egiteak merezi du.
Hala ere, perfekzioa ez da existitzen, eta are gutxiago obretan.
Honaino iritsi bazara, azken opari bat utziko dizut, eskerrik asko irakurtzeagatik.
Ikusten dudanez, gustuko dituzu enkofratuak. Enkofratzeko teknika gehiago ikasi nahi badituzu, nire web- horrian eraikuntza ezberdinen artikulu zehatzak dituzu, santibelarra.com- en alegia.
Mila esker eta eutsi gogor zure enkofratuei.
“Aukeratu gustuko duzun lanbide bat eta ez duzu zure bizitzako egun bakar batean ere lan egin beharko”.
(Konfuzio).